Ander Izagirre kazetariak 'Manos Unidas' erakundearen kazetaritza saria irabazi dau

Bizkaie! 2010-07-06 11:06

Saritutako lanak, Cerro Rico de Potosí-ko (Bolibia) meategiko galerietan lanean dabilzan umeen bizitza deskribiduten dau, munduko meategirik hondatu eta arriskutsuenetarikoan hain zuzen be. Daniel Burguiren argazkiek osotzen dabe honako erreportaje hau.

Naturgas Broad Peak 2010 espedizinoagaz lanean dabilen Ander Izagirre kazetari eta blogger-ak, 'Manos Unidas' erakundearen kazetaritza saria jaso barri dau, bolibiako ume meatzarien gaineko erreportajeagaz. Munduko meategirik hondatu eta arriskutsuenetarikoan lanean dabilzan adin txikiko ume bolibiarren inguruan idatzitako erreportajea saritu dabe.

1960an sortutako garapenerako GKEak, pobrezia, gosea, malnutrizinoa, gaixotasunak, heziketa eza eta azpigarapenaren kontra lan egiten dau eta emondako sariakaz komunikabideetako profesionalek herrialde pobreen errealidadea ezagutarazoteko egiten daben lana saritzen dau.

'Meategia eskola gisa, aurpegi bolibiarrak' artikulua, idatzizko prentsan lehenengo saria eskuratu dau. FronteraD aldizkari digitalak aurkeztu eban lehiaketara, Ander Izagirrek itxita, lehenengo aldiz erderaz 'Nuevo Tiempo' aldizkariak argitaratu eta gero. Ondoren 'Berria'-k argitaratu eban euskeraz eta zenbait komunikabidetan be azaldu da geroago, tartean 'Pie Izquierdo' aldizkari bolibiarrean.

Lanak, Cerro Rico de Potosí-ko (Bolibia) meategiko galerietan lanean dabilzan umeen bizitza deskribiduten dau, munduko meategirik hondatu eta arriskutsuenetarikoan hain zuzen be. Daniel Burguiren argazkiek osotzen dabe honako erreportaje hau: http://www.unav.es/nuestrotiempo/es/temas/mineritos-ninos-trabajadores-en-las-entranas-de-bolivia.

Ander Izagirrek (Donostia, 1976) Broad Peak mendiaren magalean jaso dau albistea, Karakorum-eko mendilerroan, bertan Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalzagaz batera Naturgas Broad Peak 2010 espedizinoan kazetari lanetan dago. Tarteka idazten dau espedizinoaren blogean (http://www.basqueteam.com/broad_peak/blog.php), munduko hamabigarren mendirik altuena alpetar erara eta bide barri batetik igoteko ahaleginaren nondik-norakoak laburbilduz.

Izagirrek erreportajeak eta kronikak, bidaietakoak batez be, ondorengo komunikabideetan argitaratu ditu besteak beste: 'National Geographic', 'Altaïr', 'Lonely Planet Magazine, 'El Diario Vasco', 'El Correo', 'Nuestro Tiempo', 'Euskal Herria', 'Conocer Navarra', 'Nora', 'Aire Libre', 'Barrabés', 'Pedalier', 'Dato Económico', 'Zabalik', 'Berria'...

Honako liburuak idatzi ditu: 'Palestina, ombligo del mundo' (2000), 'El testamento del chacal. Viaje por Yibuti' (2003), 'Los sótanos del mundo' (2005), 'Plomo en los bolsillos' (2005) (Kirol literaturan Marca saria) eta 'Cuidadores de mundos' (2008). Groenlandiako inuit-ak, Argeliako saharauiarrak eta Bolibiako ume meatzariak izan ditu aztergai azken lanetan.

'Naturgas Broad Peak 2010 espedizinoko babesle nagusia dan BAT Basque Team-ek bat egin nahi dau Ander Izagirrek jasotako esker on profesionalagaz eta zorionik beroena bialtzen deutsagu, era berean Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalzaren abenturaren barri hain modu profesional eta atseginean guztioi helarazoteagaitik'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu