XX. mende hasierako 27 itsasontzi klasiko ikusgai Getxoko Sea Week-Itsas Astearen azken txanpan

Bizkaie! 2010-06-25 15:16

'Itxas Egurra Haizean' antxinako itsasontziak berreskuratu eta zaintzeko ardurea dauen alkarte getxotarrak antolatuta, erakusketeak XX. mendearen hasierako 27 itsasontzi klasiko ikusteko aukerea eskainiko dau.

Algortako Portu Zaharrean, gaur barikutik, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, eta domeka 27ra arte, 27 itsasontzi klasiko erakutsiko dira, danon gozamenerako. 'Itxas Egurra Haizean' antxinako itsasontziak berreskuratu eta zaintzeko ardurea dauen alkarte getxotarrak antolatuta, erakusketeak XX. mendearen hasierako 27 itsasontzi klasiko ikusteko aukerea eskainiko dau, orduan belaz edo arraunez nabigatzen zann (motorrak errepublikearen garaian sartu zituen itsasontzietan).

Itsasontziak, gehienak neurri txiki edo ertainekoak, Getxotik bertatik datoz (horretariko 10) eta baita Portugalete, Santurtzi, Plentzia, Sokoa, Donibane Lohitzune, Baiona, Lekeitio, Ondarru, Zumaia eta Donostiatik be, Euskadiko beste herri batzuen artean. Horreetako batzuk benetako itsasontzi zaharrak dira –gerora berreskuratutakoak- eta besteak barriak dira –baina antxinako modura egindakoak-.

Itsasontzi bakotxak fitxa bat izango dau ikusgai bere ezaugarriakaz (data, jatorria, ezaugarri nagusiak ...) eta itsasontzi zaharren argazki erakusketea be egongo da. Halan da be, astegoienean zehar, itsasontzi horreek Portu Zaharra eta Portugalete artean nabigatzea aurreikusita dago.


Getxo Sea Week-Itsas Asteak azken txanpa biziko dau astegoienean

Bizkaia Zubian, bihar zapatua, hilak 26an, 'Zirgariak' antzezkizuna ikusteko aukerea egongo da eta Bizkaia Zubiaren goiko pasabiderako sarrerearen prezio murriztuak, bisita turistikoak, antzeztutako bisitak eta antxinako argazkien erakusketea be nabarmendu daitekez.

Kosta Monumentalean, Txurruka moilan, bihar zapatuz kometen jaialdia egongo da eta, domekan, patinen kontzentrazinoa. Astegoienean zehar tren turistikoa, garaiko azokea, bisita turistikoak, antxinako argazkien erakusketea, 'Taxi Tour'-en bisita gidatuak, Getxoko Etxe Handien pasealekua eta aisialdiko eta kirol tailerrak Ereaga hondartzan egongo dira.


Kirol Portuan, 'Kraken. Munduko txibiarik handiena' izeneko erakusketea zabalik dago eta, ekitaldi horren barruan, bihar, zapatu, 12:00etan, Angel Guerra doktoreak 'Enigmas de la ciencia. El calamar gigante' izeneko hitzaldia eskainiko dau. Agertoki horretan bertan, Urpeko Astea, Estaduko Itsas Akuariozaleen Topaketea, 'Oceanos' pelikulearen maratoia, itsas waterpolo lehiakeeta, belaontzien estropadak, bela arinari buruzko ikastaroak, irteerak belaontzietan eta 'Saltillo' eskola-ontzia ikusteko ateak zabalik egongo dira.

Halan dabe, bihar zapatua, 12:00etatik 15:00ak arte, 1.000 anoa raba solidarioaren dastatzea eskainiko da (2 euroan) eta jasotako diru guztia Getxo Pro Sahara Atfal alkarte getxotarrarentzat izango da.

Portu Zaharrean, itsasontzi klasikoen kontzentrazinoaz gan, Itsas Azokea dago eta sardina janak be iragarri ditue, bi zehatz esateko (zapatu arratsaldean eta domeka goizean).

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu