Artea Ikasbide Bilbon
2010-06-15 12:09 KultureaEuskal Autonomia Erkidegoko bederatzi ikastetxetako 6 eta 12 urte arteko 184 artistak artelan originalak eta sortzaileak sortu, eta Bilboko Guggenheim Museoko 103B aretoan jarriko ditue erakusgai bagilaren 15etik abuztuaren 22ra.
Euskal Autonomia Erkidegoko bederatzi ikastetxetako 6 eta 12 urte arteko 184 artistak artelan originalak eta sortzaileak sortu, eta Bilboko Guggenheim Museoko 103B aretoan jarriko ditue erakusgai bagilaren 15etik abuztuaren 22ra. Programearen helburuak dira umeei eskola-curriculumeko ikasgaiak emotea eta beste errealidade batzuk ezagutzea, kultura arteko hartu-emonak sustatzea eta, laburbilduz, arte-jardunaren bidez hazten laguntzea.
2009-2010 ikasturtean, zortzi artistak —Elssie Ansareo, Naia del Castillo, Ibon Garagarza, Iñaki Gracenea, Maider López, Joxerra Melguizo, Manu Muniategiandikoetxea eta Jorge Rubio—, batzuk aurreko urteetan parte hartu dabenak, ikastetxeetako irakasleakaz alkarlanean ibili dira tailerrak zehazten eta dinamizetan; tailer horreetan, 6 eta 12 urte arteko umeek ezusteko arte-proposamen pertsonalak landu ditue.
Artea ikasbide ez da eskola-haurrei curriculumeko ikasgaiak helarazoteko tresna erabilgarria bakarrik; izan be, egitarauaren bidez, munduari modu sortzailean eta pertsonalean begiratzera animetan jake, idazketa eta ahozko adierazpena lako gaitasunak garatzera, baita balioak bereganatzera be, berbarako, talde-lana, beste kulturakazko lankidetzea edo ingurumenaren errespetua.
Irudimenez betetako bederatzi arte-proiektu
Erakusketea osotzen daben 184 artistak Euskal Autonomia Erkidegoko bederatzi ikastetxetakoak dira: Gallartako El Casaleko 6. mailakoak; Leioako Lamiakoko 1. mailakoak; Basauriko Velázquezeko 6. mailakoak; Portugaleteko Ruperto Medinako 4. mailakoak; Zestoako Arroako 3., 5. eta 6. mailakoak; Eibarreko Arrateko Andramariko 3. eta 4. mailakoak; Irungo Belaskoeneako 6. mailakoak; Gasteizko Divino Maestroko 6. mailakoak; Guardiako Víctor Tapiako 3. eta 4. mailakoak.
New York-Arroa alkartrukea
1999tik, arte-hezkuntzearen bidez, Artea ikasbide egitarauak Euskal Autonomia Erkidegoko eta New Yorkeko Lehen Hezkuntzako ikastetxeen arteko kultura-alkartrukea garatzeko modua emon deutse ume, artista eta irakasle parte-hartzaileei. Ikasturte honetan, bi ikasgelek —Zestoako Arroa LHI eta New Yorkeko Bronxeko PS 86— gutunak eta, Internet bidez, mezu elektronikoak, marrazkiak eta argazkiak bialdu eutsiezan alkarri. Umeek euren bizimoduak eta toki bakotxeko alderdi bereziak konparau zituen, eta konturatu ziran zein handiak diran 350 biztanle inguruko Zestoako auzo txiki baten eta bost udal-barrutietan milatik gora ikastetxe publiko dituan New York uriaren arteko aldeak.
Hamahiru urte Artea ikasbide dogula
1998an martxan jarri zanetik, 1.944 eskola-ume, 26 artista, hiru hizkuntza-ereduetako Lehen Hezkuntzako 136 irakasle eta EAE osoko 94 ikastetxe Guggenheim Bilbao Museoko hezitzaileakaz su eta gar ibili dira lankidetzan Artea ikasbide egitaraua lantzen. Helburua da artea curriculumeko ikasgaiak deskubriduteko, miatzeko eta ikasteko bitarteko bihurtzea, baita txikitxuenak etorkizunean hazten eta gizartean garatzen lagunduko deutsen balio-sorta oso bat emotea be.
Erakusketa honek Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibersidade eta Ikerketa Sailaren lankidetza eta BBKren babesa dauka.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!