EAEko 8.048 ikaslek egingo ditue eguaztenetik aurrera unibersidadera sartzeko proba barriak UPV/EHUn

Bizkaie! 2010-06-08 10:29

Ikasle horreetarik 7.192k (% 89,4) borondatezko fase espezifikoa be egingo dabe. Azken horreei beste 200 ikasle gehitu behar jakez, aurreko urteetan egin eben selektibidadea eta notea hobetzeko aurkezten baitira. Azterketak hiru egunetan egingo ditue, barikura arte.

Euskal Autonomia Erkidegoko 8.048 ikaslek hasiko ditue eguaztenean, bagilak 9, unibersidadera sartzeko probak Euskal Herriko Unibersidadean. Ikasle horreetarik 7.192k (%89,4) borondatezko fase espezifikoa be egingo dabe. Azken horreei beste 200 ikasle gehitu behar jakez, aurreko urteetan egin eben selektibidadea eta notea hobetzeko aurkezten baitira. Azterketak hiru egunetan egingo ditue, barikura arte.

Lurraldeka, Araban, 1.054 ikaslek egingo dabe selektibidadea, 551k gaztelaniaz eta 503k euskeraz. Bizkaian, 4.025 ikaslek egingo dabe azterketea, 2.100ek euskeraz eta 1.915ek gaztelaniaz. Azkenik, Gipuzkoan, 2.969 aurkeztuko dira probetara, 2.239 euskeraz eta 730 gaztelaniaz. Beraz, EAE osoan, 4.852 ikaslek euskeraz egingo dabe selektibidadea, eta 3.196k gaztelaniaz.

UPV/EHUko iturriek jakinarazo dabenez, hauxe da proba barria egingo dan lehen urtea. Probeak fase bi daukaz, orokorra eta espezifikoa. Fase orokorrak batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibersidade-ikasketa ofizialak egiteko izan beharreko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituen ala ez neurtzea dau helburu.

Fase orokorra bost azterketek osotzen dabe (aurreko sisteman baino bi gitxiagok): Gaztelania eta Literatura; Euskera eta Literatura; Filosofiaren Historia edo Historia; Atzerriko Hizkuntza eta Batxilergoko gai komunetako baten azterketa, ikasleak nahi dauena. Gai bakotxak 0 eta 10 bitarteko notea jasoko dau, eta fase honetan gehienez 10 atara daiteke.

Batxilergoko notearen eta fase orokorreko kalifikazinoaren artean egindako batez besteko notan (% 60 batxilergoari jagoko eta % 40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero, probea gainditutzat joko da, ikasleak fase orokorrean gitxienez 4 puntu lortu baditu, behintzat.


Fase espezifikoa

Nota horri gehituko jako fase espezifikoan lortutakoa. Fase espezifikoa borondatezkoa da eta helburua da ikaslearen ezagutzak eta arrazonatzeko gaitasuna arlo jakin batzuetan neurtzea, hau da, unibersidadean egin gura dituen ikasketakaz zerikusia daben arloetan. Fase honek aukerea emoten deutso ikasleari fase orokorrean lortutako kalifikazinoa hobetzeko.

Atal espezifikoan, ikasle bakotxak Batxilergoko bigarren mailako modalidadeko edozein gai aukeratu ahal izango dau, fase orokorrerako aukeratu dauena izan ezik. Gehienez hiru gairen azterketak egin ahal izango ditu fase espezifiko honetan. Gai bakotxari 0 puntutik 10 puntura bitartean emongo jako. Notea kontuan izateko, ikasleak 5 puntu edo gehiago lortu beharko ditu eta azkeneko nota atarako da borondatezko bi nota onenak eta ganerako parametroak biderkatuz. Parametroen baloreak 0,1 eta 0,2 dira eta unibersidadeak ezartzen ditu gaiak aukeratutako graduagaz dauen loturearen arabera.

Unibersidadera sartzeko probak bagilaren 9an, eguaztena, hasiko dira, 8:45ean (aurreko urteetan 16:00etan hasten ziran), eta 18:45ean amaitu. Bigarren egunean, eguenean, azterketak 9:00etatik 18:45era arte izango dira eta hirugarren egunean, barikuan, 9:00etatik 15:00etara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu