Jabi Elortegi zine zuzendariak jaso dau Hegaluze Saria
2010-05-24 14:17Arrain Azoka alkarteak Itsuki Irratiaren laguntzinoagaz antolatzen dauen sari horrek Bermeoko herriaren izena zabaldu edo ospetsu bilakatu dauen pertsona, erakunde edo alkarteren bat saritzeko helburua dauka.
Bermeoko Arrain Azokearen hasieran, Hegaluze saria banatu eben joandako barikuan Nestor Basterretxea aretoan. Aurten Jabi Elortegi zine zuzendariari emon deutsie. Arrain Azoka alkarteak Itsuki Irratiaren laguntzinoagaz antolatzen dauen sari horrek Bermeoko herriaren izena zabaldu edo ospetsu bilakatu dauen pertsona, erakunde edo alkarteren bat saritzeko helburua dauka. Elortegi aukeratu dau aurten epaimahaiak 11 hautagairen artean, herritarrek haren izena proposatu eta gero, 'aurreko urteetan egindako lana ahaztu barik azken urteetan egindako proiektuetan bermeotarra dala ahaztu ez dauelako. Herritarren eretxiz, haren izena askotan entzun ahal izan dalako eta berak be herriarenganako sentsibilizazinoa agertu dauelako'.
'Aurretik beste sari batzuk jaso dodaz, baina zuzendari edo errealizadore modura. Hau, baina, nire herriak emon deust. Gainera, persona modura jaso dot, ez da nire lanari emondakoa izan. Horregaitik, sekulako ilusinoa egin deust, inor ez baita profeta izaten bere herrian' adierazo eban Jabi Elortegik saria jaso osteko berbaldian.
Arrantza sektoreagaz lotutako produktuak zabaltzeko aukera ezin hobea eskaintzen dauen Bermeoko Arrain Azokeak XVI. edizinoa bete dau aurten eta eguraldia lagun, milaka lagun hurreratu dira joandako astegoienean. Arrainak gaztetxoen elikaduran dauen garrantzia nabarmendu dabe, izan be, horixe izan da aurtengo Arrain Azokearen lema. Helburua umeen dietan arraina sartzeak dauen garrantziaz eta onuraz sentsibilizetea da. Eusko Jaurlaritzeak eta arrantza azokek gai horren inguruan abiatutako kanpaineagaz bat egin dau Bermeokoak, beraz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!