Homofobiaren Kontrako Nazinoarteko Egunagaz bat eginik, BFAk 'Bizkaia homofobiaren kontra' kanpainea aurkeztu dau
2010-05-17 14:16Bizkaiko Foru Aldundia, gure lurralde historikoan sexu-bazterkeria mota guztien kontra burrukatzeko eta herritarrak arlo horretan sentsibilizetako Euskadin mota honetako ekimena egingo dauen lehenengo erakundea da.
Gaur, astelehena, maiatzak 17, Homofobiaren eta Transfobiaren Kontrako Nazinoarteko Eguna ospatzen dala aprobetxauta, Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak 'Bizkaia homofobiaren kontra' kanpainea aurkeztu dau Bilboko Arenalean. Bizkaiko Foru Aldundia, gure lurralde historikoan sexu-bazterkeria mota guztien kontra burrukatzeko eta herritarrak arlo horretan sentsibilizetako Euskadin mota honetako ekimena egingo dauen lehenengo erakundea da.
Ekitaldia goizeko 11:00etan izan da, Bilboko Arenalean jarritako karpa batean. Homofobiaren kontrako Manifestu Ofiziala irakurri ondoren, Jose Luis Bilbao izan da lehenengoa sinadurearen bidez manifestuagaz bat egin dauena. Gero, herritar guztiei egingo jake konbidapena, euren atxikimenduagaz homofobiaren eta sexu-bazterkeria mota guztien kontrako kate handi bat egiteko. Hurrengo egunean, Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak onartuko dau manifestua.
'Bizkaia sexu aniztasunaren alde, Bizkaia homofobiaren aurka' izenburupean, ekimenaren gune nagusia Bilboko Arenalean jarritako karpa bat izango da. Kanpainearen hasiera gaur izan da eta hiru egunez hainbat jarduera egingo dira.
Karpan, bideo-erreportaje bat proiektauko da. Lan hori berariaz dago eginda kanpaina honetarako, eta 'Bizkaia aniztasunaren alde' izenburukoa da. Ikus-entzunezko dokumentu honetan, LGTBen kolektiboen lankidetza eta testigantzak agertzen dira, bai eta herritarren adierazpenak eta eretxiak be.
20.000 liburuxka
Horrezaz gan, EHGAM taldeak itxitako 'Homofobiaren aurpegiak' erakusketea ikusi ahal izango da. Argazkien erakusketa bat da, 'indarkeria mota hori iraganean sufridu daben, orain sufriduten dagozan eta etorkizunean sufriduko daben' pertsonak omendu nahi dituana.
Era berean, karpea informazinoa emoteko gune bat izango da, herritar guztiek egin nahi dituen kontsultak argitzeko. Karpan, laguntzinoa adierazoteko sinadurak jasoteaz gan, homofobiaren kontra eta sexu aniztasunaren aldeko manifestua jasoten daben 20.000 liburuxka baino gehiago banatuko dira.
Ekimen horreek guztiak maiatzaren 17aren inguruan —Homofobiaren Kontrako Nazinoarteko Eguna— egingo dira, eta bagilaren 28an —Gay Harrotasunaren Eguna— jarraitu eta amaituko dira.
Maiatzaren 17aren aurrekariak
Maiatzaren 17an da homofobia, lesbofobia eta transfobiaren kontrako eguna, izan be, 1990eko maiatzaren 17an, Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) kendu eban homosexualidadea gaixotasunen zerrendatik.
Egunak helburu bat baino gehiago dauka: batetik, homofobiaren kontrako sentsibilizazinoa zabaldu nahi dau, eta, bestetik, Nazino Batuen Erakundeak (NBE) ofizialtzat hartzea eguna. LGTBen alkarteek ez eze herri erakunde ugarik be aldarrikatzen dabe azken eskaera hori.
NBEk aurrerapausu handia egin badau be, asanblada orokorrean eztabaidatu ebelako praktika homosexualak zigor-kodeetan despenalizetako proposamen bat, emoitzea ez zan behar bestekoa izan (% 35 alde bakarrik). Halan da be, nabarmendu behar da planteatzea onartu egin zala eta horrek Bizkaiko Foru Aldundia animau dau gizarte zuzenago eta bardinago baten aldeko burrukeagaz bat egitera.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!