Unai Basurkok eta Getxoko Udalak hitzarmena sinatu dabe bela sustatzeko

Bizkaie! 2010-05-13 15:14

Unai Basurkok adierazo dau helburua belaren kirola indartzea eta zabaltzea dala. Belaren jarduereak Frantzia lako herrialdeetan dauen oihartzun ekonomikoa nabarmendu dau eta belaren kirolak giza baloreak, lana, alkartasuna eta itsasoaganako errespetua emoten dituala.

Getxoko alkate Imanol Landak eta Unai Basurko itsasgizonak, Getxo Bela Kirol Alkarteko presidenteak, lankidetza hitzarmena sinatu dabe gaur 2010ean zehar udalerrian bela sustatzeko eta zabaltzeko.

Alkateak adierazo dauenez 'Udalaren asmoa da kirol ekitaldiak sustatzea, eta oraingo honetan, bela, udalerrian bere praktika bultzatzea, gure udalerria beti egon baita itsasoari begira eta beti interes bereziagaz bizi izan dauelako'. Esangura horretan, urteetan zehar, modalidade honetan jardun daben eta hori sustatu daben kirol alkarteei proiektu batean alkarregaz parte hartzeko proposatu deutse Udalak. Helburu hori lortzeko laguntzarik onena, alkatearen esanetan, azken urteetan Euskadin bela kirolaren erreferente bihurtu danarena da, hau da, Unai Basurkorena, eta bere taldearena. 'Nor Unai baino hobeto Udalagaz, ikastetxe eta ikastolakaz eta bela zaletuakaz lan eginez kirol hau sustatu eta zabaltzeko. Bere eskarmentua eta ezagutza erabili gura dogu helburu hori lortzeko'.

Unai Basurkok, bere aldetik, adierazo dau bere helburua belaren kirola indartzea eta zabaltzea dala, jente askok eskura izan daian. Belaren jarduereak Frantzia lako herrialdeetan dauen oihartzun ekonomikoa nabarmendu dau eta, gainera gehitu dau, 'belaren kirolak giza baloreak, lana, alkartasuna eta dauen inguruneaganako, itsasoaganako errespetua, emoten dituala. Hitzarmen honi esker hori guztia lortuko dogu'.

Bi erakundeek sinatutako hitzarmenaren arabera, alkarteak konpromisoa hartzen dau, estropada berezi bat antolatzeaz gan, bela alkartearen berbaldi programazinoagaz jarraitzeko. Nabigazinoaren munduagaz zerikusia daben lagunek emongo leukiez berbaldiok, doban. Udalaren bitartez, Unai Basurkok berak eskaini beharreko bi berbaldi-solasaldi antolatzeko berbea emon dau, Velux, Vendeé Globe eta Le Fígaro estropadetan izandako bizipenak kontetako; baita, ikastetxe eta ikastolen bisitaldiak antolatzeko Pakea Bizkaiaren basera eta Open 60 Pakea Bizkaia belaontzira, Kirol Portuan; eta Udalak sustatutako hainbat ekitalditara Unai bera agertzea, besteak beste.

Udalak, gainera, udal kirol eskaintzara batu ahal izango ditu Pakea Munduari Itzulia Getxo Bela Kirol Alkarteak antolatutako ekitaldiak. Era horretara, Udalak 6.000 euroko dirulaguntzinoa emongo deutso, 2010ko udal aurrekontuaren kontura.

Getxon bere helbide soziala dauen alkartearen helburu nagusia da, belaren kirola Euskadi osoan zabaltzea eta sustatzea, batez be, Bizkaian, arrazoi desbardinakaitik kirol honetaz gozetako erarik edo aukerarik izan ez dabenei itsasoa eta bela hurreratuz; besteak beste, astebeteko bela irtenaldiak zein bidaia luzeagoak be antolatzen ditue eta kirol honi buruzko klase teorikoak be emoten ditue.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu