Hirurogeta hamahiru urte joan dira Gernika bonbaz josi ebenetik

Bizkaie! 2010-04-26 11:00

Gernikako Bonbardaketea gogoratzeko antolatutako ohiko ekitaldiez gan (mezea, lora-eskaintzea..), Nagasakiko gotzainak `Maria Ama Birjina bonbardatuaren´ aurkezpena egingo dau, Bakearen Museoan. Bestalde, asteburuan, Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Sariak banatu ditue.

Gernika Gogoratuz alkarteak, 2010eko Gernikako Kultura eta Bakearen Nazioarteko Jardunaldietan, eta bere 20. urteurrena ospatzeko, 'Pertsonen eta kolektibitateen onarpena, borroka, justizia eta maitasunaren eskutik' izenburuko gogoetea egiteko aukerea eskaini dau asteburuan. 'Gure amesa Bakearen Sinbologiarako ekarpenak egitea da, bizitzaren zentzuan sakontzeko ahaleginaren bitartez, epika heroikotik urrundu eta gure egunerokotasunaren bizipenen poetikan', azaldu dabe alkarteko ordezkariek.

Ideia horreen harian, Gernika-Lumoko eta Pforzheimgo Udalek, Gernikako Bakearen Museoak, Kultur Etxeak eta Gernika Gogoratuzek Gernika Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Sarien seigarren edizinoa antolatu dabe. Sari horreek, nazino edo nazinoarte mailan, bakearen eta berradiskidetzearen alde lanean ibili diran bi persona edo alkarteren lana saritu gura dabe. Aurten, honakoei emon jakez sariok: Agirre Lehendakaria eta Mayors for Peace. Sari berezia Fundación Vicente Ferrer-i emon jako. Bestalde, Gernikan izan dira herri honeetako bonbardaketatatik bizirik urten eben lekukoak: Otxandio, Durango, Gernika, San Adriá de Besós eta Nagasaki, Gernikako bonbardaketako lekukoen XIII. Topaketearen harian.


Gernikako Bonbardaketaren 73. urteurrenaren egitaraua: apirilak 26

- Bisita gidatuak 12:30ean eta 17:30ean Bakearen Museoan.
- 15:45: Sirena deia Pasealekuan.
- 16:00: bonbardaketearen biktimen omenezko mezea eta lora-eskaintzea hilerrian.
- 21:00: Manifestazino isila kandelakaz.

Ekitaldi horreez gan, Nagasakiko gotzainak `Maria Ama Birjina bonbardatuaren´ aurkezpena egingo dau, Bakearen Museoan.

Era berean, Euskal Herriko Unibersidadeko Informazino Zientzietako ikasleen topaketea be egingo dabe: 'ikasle talde bat Gernikan izango da, eta bonbardaketearen ganean daben ikuspuntua azalduko dabe'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu