Bakearen aldeko Astea Bilbon, uriak bakearen kultureagaz dauen konpromisoa zabaltzeko

Bizkaie! 2010-01-25 11:45

Bakearen aldeko Astea egingo da urtarrilaren 25etik 31era 'Sortu bakerako guneak' goiburuagaz, eta aste hori antolatuz, Bilbok bat egiten dau aurten be urtarrilaren 30ean Mahatma Gandhiren hilketearen inguruan eta haren mezu ez-bortitzaren inguruan egiten dan oroimenagaz.

Bakearen aldeko Astea egingo da urtarrilaren 25etik 31era 'Sortu bakerako guneak' goiburuagaz, eta aste hori antolatuz, Bilbok bat egiten dau aurten be urtarrilaren 30ean Mahatma Gandhiren hilketearen inguruan eta haren mezu ez-bortitzaren inguruan egiten dan oroimenagaz.

Jon Sustatxa Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak jakinarazo dauenez, aste honen helburu nagusia 'bilbotarren artean bakearen kulturea zabaltzea, hausnarketea egitea eta konpromisoa sustatzea da, holan, gatazkak indarkeriarik barik konpontzeko gaitasuna handituko dalako'. Gainera, Sustatxa jn.aren eretxiz, Bilbo 'bakearen aldeko sentsibilizazinoagaz eta indarkeriarik ezagaz konprometidutako uria' dala agertuko da. 'Ekimen hau abiarazo dogu ziur gagozalako bakerako hezkuntzak integrala eta gizartean iraunkorra izan behar dauela', baieztatu dau Jon Sustatxak.

Asteko egun bakotxean jarduera bat egingo da. Sarrerea doban izango da eta zabalik egongo da bakearen aldeko ekimenetan parte hartu nahi daben guztientzat. Holan, urtarrilaren 25ean, Bilboko Udalak Bakearen aldeko Astearen inguruan preparau dauen adierazpen instituzionala irakurriko da. Hurrengo egunean, 'CheckPoint Rock' filma emongo dabe 19:30etan Bilborocken.

Urtarrilaren 27an, 'Tendencias actuales en conflictos armados y construcción de la paz' izenburuko berbaldia izango da, 19:30etan, Bidebarrieta liburutegian. Mariano Aguirre Osloko (Norvegia) Bakea Eregiteko Zentroko zuzendaria izango da hizlaria.

Urtarrilaren 29an, 'Mujeres en construcción' dokumentala izango da ikusgai, eta gero mahai-ingurua egingo da protagonistakaz. Ekitaldia 19:30etan izango da, Bidebarrietako Liburutegian. Urtarrilaren 30ean, bakearen aldeko globoak askatuko dira Eskolapioen ikastetxetik Arriaga plazaraino; globoak helmugan askatuko dira. Ekintzaren antolatzailea Itaka-Escolapios Fundazinoa da, eta guztia 12:00etan hasiko da.

Era berean, urtarrilaren 31n, ibilaldia egingo da bizikletan 12:00etan Arenalean hasita. Helmugea Casilda Iturrizar parkean egongo da, eta omenaldia egingo jake biktimei parkeko monumentuetan.

Bakearen aldeko Astearen barruan egingo diran beste jarduera batzuen artean, 'Aste bat bakerako' izeneko agiria argitaratuko da. Hezkuntza arloko baliabidea da ume eta gaztetxuek zenbait gai jorratu daiezan Bakearen aldeko Astean. Gainera, hainbat ekintza egingo dira ikastetxeetan, parrokietan, aisialdiko taldeetan eta bestelakoetan bakearen kulturea zabaltzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu