Emakumezko futbolarien elikadurea aztertu dau EHUn aurkezturiko tesi batek

Bizkaie! 2010-01-19 10:07

Kirolari ona izateko, talentua eta preparazinoa ez eze, elikadurea be oso garrantzitsua dala frogatu nahi izan dau Leyre Gravina ikertzaileak Euskal Herriko Unibersidadean (EHU) aurkezturiko bere doktorego-tesian. Horretarako, Athleticeko emakumezkoen bi talde nagusien aldagelan sartu da, eta zer eta zenbat jaten daben ikusi dau.

Kirolari ona izateko, talentua eta preparazinoa ez eze, elikadurea be oso garrantzitsua dala frogatu nahi izan dau Leyre Gravina ikertzaileak Euskal Herriko Unibersidadean (EHU) aurkezturiko bere doktorego-tesian. Horretarako, Athleticeko emakumezkoen bi talde nagusien aldagelan sartu da, eta zer eta zenbat jaten daben ikusi dau. Ohitura txar batzuk aldatuta gorputzak partidudetan gitxiago sufridutea eta, ondorioz, kirolari hobea izateko aukerak handitzea lor daitekeela ondorioztatu dau Gravinak.

Athleticeko emakumezkoen bi talde nagusietako jokalariak (Superligan eta Liga Nazionalean jokatzen dabenak) aztertu zituan Gravinak astebetez, euren elikadura-ohiturak zelakoak diran eta zelan hobetu daitekezan ikusteko. Astebeteko azterketea izan zan, eta partidua jokatu aurreko egunetan, partiduaren egunean bertan eta ondoren egin jakezan probak.

Tesiaren arabera, futbol partidua jokatzeak gorputzean hamaika erreakzino eragiten ditu. Leukozito edo globulu zuriei jagokenez, esaterako, Gravinak ikusi dau neutrofiloak ugaritu egiten dirala ariketearen ondorioz, eta linfozitoak, barriz, urritu, eta linfozitoen faltak infekzinoak errazten ditu. Horrezaz gan, nabarmentzekoak dira, besteak beste, bai kalte muskularra eta zelularra bai elektrolitoetan eta hormonetan izaten diran aldaketak.

Bestalde, Superligako jokalariek bigarren taldekoek baino antioxidatze-gaitasun handiagoa dabe, oro har; gaitasun horrek eragiten dau muskuluen kontrakzinoa eraginkorragoa izatea, hanturak izateko arriskua txikiagoa izatea eta organismoek erradikal libreen toxikotasunari aurre egiteko ahalmena handiagoa izatea. Kontuan izan behar da, halan da be, euren gorputzak bigarren taldekoenak baino gehiago sufriduten dauela partiduetan; lehenengo taldekoek kalte zelular, globulu gorrien haustura, neke eta deshidratazino handiagoa izaten dabe.

Jarduera fisikoa egoki egiteko, ezinbestekoa da gorputzak bere funtsezko mantenugaiak eukitea, eta hori, Gravinaren ustez, elikadurearen barruan dago.

Superligako taldearen elikadura-ohiturak bigarren taldearenak baino hobeak dira ikertzailearen eretxiz. Proteina eta gantz gitxiago eta zuntz gehiago hartzen dabe. Gainera, ariketa fisikoaren ondorioz kontsumiduten daben energiaren ehuneko handiena karbohidratoek osotzen dabe, eta ez gantzek. Halan da be, ez talde bat ez bestea ez dira zuzen elikatzen. Hasteko, ez dabe nahikoa karbohidrato hartzen. Gainera, euren hidratazinoa eskasa da, eta horrek frekuentzia kardiakoa handitzea eragiten dau. Elektrolitoen portzentajeak be desegokiak dira: potasio gitxiegi eta sodio eta kloro gehiegi (beharrezkoa halako bi) hartzen dabelako. Gravinak gogorarazo dauenez, potasioa funtsezkoa da oreka elektrolitikoa bermatzeko eta nerbio-transmisino egokia izateko, bai eta garraio aktiboa ahalbidetzen daben mekanismoentzat be.

Bestalde, metabolismoa ahalbidetzen daben substantzien faltea ikusi dau Gravinak. Bi taldeetako jokalariek azido foliko, D bitamina, kaltzio, iodo eta fluor gitxiegi dabe, eta bigarren taldekoek magnesio-eskasia be bai. Kirolarientzat mantenugai honeek oso garrantzitsuak dirala gogorarazo dau ikertzaileak: D bitamina, kaltzioa eta fluorra, hazurrentzat; iodoa, oro har, metabolismo-prozesuarentzat; eta magnesioa, funtzino muskularrari eragiten deutsen zenbait prozesurentzat.

Kirol-errendimendua hobetzeko, elikadureari jagokozan neurriak har daitekezala dino Gravinak, eta zenbait proposamen egin ditu. Esaterako, proteina, azido foliko eta C bitamina gehiago hartuz, globulu gorrien kopuruak gora egingo leuke. Jarduera fisikoaren ondoriozko nekeari aurre egiteko, barriz, bitaminak, karotenoideak eta landare-jatorriko osogaiak hartzea komenidu da.

Oxidazinoa ebitetako, karbohidratoak eta zuntza edo bitamina eta landare jatorriko osogai jakin batzuk hartu behar dira. Kalte zelularra txikiagoa izan daiten, bestalde, zuntza eta karotenoak hartzea gomendatzen dau, besteak beste. Holan, elikadura-estrategia barriei esker kirola egitean gorputzak sufriduten dituan aldaketak arindu daitekezala eta, ondorioz, kirol errendimendua hobetu daitekeela frogatu nahi izan dau Gravinak.

Leyre Gravina Alfonso (Donostia, 1981) Biokimikan lizentziaduna da. EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultadeko Fisiologia saileko Susana Maria Gil Orozko eta Jon Irazusta Astiazaran irakasleen zuzendaritzapean egin dau tesia. Gaur egun, ordezko irakaslea da sail horretan bertan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu