Durangoko Azokeak krisiari eutsi egin deutsola dinoe antolatzaileek

Bizkaie! 2009-12-09 09:48   Kulturea

Diskoen artean, salduenak DesKontrol, Gari, Ruper Ordorika, Berri Txarrak eta Kemen Lertxundi izan dira, besteak beste. Liburuen artean, Kirmen Uriberen 'Bilbao-NY-Bilbao', Unai Elorriagaren 'Londres kartoizkoa da', Anjel Lertxundiren 'Eskarmentuaren paperak' eta Igor Estankonaren 'Iratzeen esporak' izan dira arrakastatsuenak.

Xabier Leteren 'Catalunya' eta Raimonen 'Pays Basque' kantak izan dira aurtengo azokearen ateak zarratu baino lehenego entzun diran azkenak. Krisi ekonomikoaren gerizpean joan da Durangoko 44. Liburu eta Disko Azokea. Halanda be, iluntasun ekonomikoak argi-izpi batzuk sartzen itxi ditu eta azokako zuzendari Jon Irazabalen esanetan, 'krisiari eutsi egin deutsagu'. Igaz baino jente eta salmenta gitxiago egon arren, antolatzaileen arabera, emoitzea ez da aurreikusten eben bezain baltza izan.

Igaz baino egun bat gehiago izan dau aurten azokeak, baina horrek ez dau ekarri jente kopurua eta salmentak igotea. Jente gehien astelehenean batu zan; zapatuan, barriz, jente gitxi hurreratu zan eta saltzaileek arduratuta amaitu eben eguna.

Diskoen artean, salduenak DesKontrol, Gari, Ruper Ordorika, Berri Txarrak eta Kemen Lertxundi izan dira, besteak beste. Liburuen artean, Kirmen Uriberen 'Bilbao-NY-Bilbao', Unai Elorriagaren 'Londres kartoizkoa da', Anjel Lertxundiren 'Eskarmentuaren paperak' eta Igor Estankonaren 'Iratzeen esporak' izan dira arrakastatsuenak. Jon Arretxeren 'Xahmaran' eta Toti Martinez de Lezearen 'Nur' liburuak be salduenen artean egon dira. Umeei zuzendutako produktuen artean, barriz, Pirritx eta Porrotxen azken lana, 'Irrien lagunak', izan da arrakastatsuena.

Azokearen inguruan antolatutako ekimen guztietatik, Gerediaga Alkarteak Ahotsenea azpimarratu dau: 'sortzaileentzat gune berezia lortu da eta bisitariek kontzertu zein poesia errezitaldiak eta liburu aurkezpenak hurretik biziteko aukerea izan dabe'. Ahotseneako zuzendari Gotzon Barandiaranen esanetan, 'ekimena estrategikoa da euskal kulturearentzat. Durangoko Azokeak ezin dau salerosketa hutsa izan'.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu