Eikenek oinarri teknologikoko enpresetarako marka barria eroango dau Madrilgo Broadcast-era

Bizkaie! 2009-10-28 14:29

Zemendiaren 3tik 9ra Madrilen ikus-entzunezkoen teknologiari buruz egingo dan Broadcast'09 azokan, 'Basque Audiovisual Services + Tech' marka barria aurkeztuko dau Eikenek, oinarri teknologikoko zerbitzuak eskaintzen dituen euskal ikus-entzunezkoen sektoreko enpresak batuz.

MIPCOM, MIPTV edo Sunny Side of the Dioc lako europar azoketan Basque Audiovisual marka bateratua finkatu ondoren, Eiken ikus-entzunezkoen sektoreko klusterrak nazinoarteko zabalpena daben Estaduko azoken aldeko erronkeari ekitea erabagi dau, eta zemendiaren 3tik 9ra Madrilen ikus-entzunezkoen teknologiari buruz egingo dan Broadcast'09 azokan, 'Basque Audiovisual Services + Tech' marka barria aurkeztuko dau, oinarri teknologikoko zerbitzuak eskaintzen dituen euskal ikus-entzunezkoen sektoreko enpresak batuz.

Eiken klusterreko arduradunek jakinarazo dabenez, Broadcast Estaduko azokarik nagusienetakoa da eta urtero ikus-entzunezkoen sektoreko enpresak alkartzen dira bertan. Teknologia barrien arloan, aplikazinoak eskaintzen dituen enpresak dira. Aurreko aldian 200 enpresa batu zituan eta 16.000 bisitari baino gehiago bertaratu ziran.

Eikenen arabera, ikus-entzunezkoen kontzeptu tradizionalak 'pausu bat emon dau ikus-entzunezko negozio barri baterantz'. Holan, hor nabarmentzen diran enpresek ez ditue edukiak bakarrik egiten, eta edukiei balio erantsia emoten deutsiezan aplikazinoak eta zerbitzuak eskaintzen ditue, teknologia barrietan oinarrituta. 'Negozio-bide erabat garrantzitsua eta estrategikoa da sektorea lehiakorrago izan daiten. Horregaitik, ezinbestekoa da enpresa horreekaz berariazko lan-taldea finkatzea', esan dau Itziar Mena Eikeneko zuzendariak.

Eikenek 14 enpresa batuko ditu 'Basque Audiovisual Services + Tech' izenpean eta 64 metro koadroko gunea izango dabe. Euskal ordezkaritzea honako enpresek osotuko dabe: BS&T, Gizer.net, Erabi Tecnología Audiovisual, Sugar Factory, EUVE, Jarkatza Media, Megavideo, G93 Telecomunicaciones, Irusoin, Mixer Servicios Audiovisuales, Aginako Bideo Zinema, K 2000, Bitart New Media eta Vilau.

Broadcast 09 azokan egongo diran enpresek eskainitako zerbitzuek ikus-entzunezkoen eremu oso zabala hartzen dabe eta lan garrantzitsua egiten dabe I+G+b arloan. Beraz, ikus-entzunezkoen teknologiaren aretoa baliagarria izango da ikus-entzunezko edukien produkzinorako aplikazino aurreratuak eta produktu barriak merkatuan aurkezteko. Horreetako batzuk, gainera, mundu mailan ezagutarazoko dira lehenengoz.

Klusterreko arduradunen arabera, azokara enpresa guztiak marka bakarragaz joateak presentzia handiagoa emongo deutse enpresei eta errazago ikusiko dira, bakarrik joanda baino. Bestalde, Basque Audiovisual marka ezaguna da nazinoartean eta Euskadin eginiko ikus-entzunezko produktuaren bereizgarria da.


Broadcast

Broadcast azokaren 14. aldi hau ikus-entzunezkoen arloan negozio-aukera barriak sortzen ari diran momentuan dator. Hainbat alderdik hori erakusten dabe, besteak beste, Lurreko Telebista Digitala (LTD) behin betirako zabaltzea bere ahalmen guztiakaz, HDren zabaltzea, zine digitala eta Iptv, VoD, Web, TB edo mobikortasun teknologien eta joeren indartzea.

Azokeak, besteak beste, honako sektoreak batzen ditu: telebista eta irratirako tresnak, audio eta bideo estudioetarako tresnak, infografia, irudi eta soinuaren telekomunikazinoak, bideoa Interneten, argiteri ikusgarria, ikus-entzunezkoen alkarrekintzea, baldintzazko sarbide sistemak, ikus-entzunezko gaien kudeaketea edo zine digitalerako tresnak.

Teknologiaren eta joeren analisirako foroa izanda, azken urteotan azokan egindako berbaldiak erreferente bihurtu dira sektorean. Aldi honetan aurreikusitako berbaldietan, gaur-gaurko gaiak aztertuko dira, besteak beste, LTDa eta bere negozio-ildo barriak; Espainiako fikzinoaren merkatua; telekomunikazinoko operadoreen papera; zinemagintzearen defentsa eta bultzadea; zatikizun digitalaren auzia; 3D estereoskopikoaren gorakadea; eta, ikus-entzunezko prestakuntzea hezkuntza inguruetan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu