Urdaibaiko Biosfera Erreserbearen gaineko erakusketa ibiltaria Amorebieta-Etxanora heldu da

Bizkaie! 2009-10-02 16:25

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak antolatuta, 'Urdaibai Bizigai - Urdaibai Fuente de Vida' izeneko erakusketea urriaren 14ra arte ikusgai dago Amorebieta-Etxanon, Zelaieta Zentroko sarrera-aretoan.

Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren 25. urteurrena dala-eta, herriz herri dabilen 'Urdaibai Bizigai - Urdaibai Fuente de Vida' izeneko erakusketea antolatu dau Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak. Urriaren 14ra arte erakusketea ikusgai dago Amorebieta-Etxanon, Zelaieta Zentroko sarrera-aretoan.

Pilar Unzalu buru dauen Sailak bultzaturiko ekimenak Urdaibaiko Biosfera Erreserbea ezagutarazotea dau helburu. 25 urte bete dira aurten Urdaibaiko eskualdearen garapen iraunkorrerako bidean pausu garrantzitsua emon zala, Unescok Urdaibai Biosfera Erreserba izentau ebanean, hain zuzen: eskualdeko garapen soziala eta ekonomikoa bermatzeaz gan, bertako ekologia, paisajea eta kultura aberatsa zaintzeko eskualde mailako ekimena. Mende lauren geroago, urteurrenaren ospakizunak gure herriak gordeten dauen ingurumen ondare honen balioa goratu nahi dau.

Erakusketea hiru atalek osotzen dabe: Urdaibairen sorrerea; Garapen iraunkorra eta kontserbazinoa, eta Ikerketa eta ingurumen hezkuntzea. Erakusketea, gainera, argi-itzal erakargarriz, ikus-entzunezkoez eta itsasoko giro-soinu lasaigarriz atondurik dago. Horrezaz gan, osogarri berezi moduan, Urdaibaiko paduretako espezie kuttuna dan Mokozabalaren (Platalea Leucorodia) lorratzei jarraituz egokitu da erakusketearen ibilbidea, bisitariak gidatze aldera.

Erakusketa ibiltaria Gernikan, Busturian (Madariaga Torretxean), Bilbon, Gasteizen, Ordizian, Amurrion, Irunen, Ondarroan, Zumaian, Donostian, Balmasedan eta Mungian egon da Amorebieta-Etxanora etorri aurretik, eta Euskal Herrian zehar jarraituko dau abendura bitartean. Besteak beste, hamabostero herriz aldatuz, Loiuko aireportua, Portugalete eta Ermua bisitauko ditu erakusketeak, hasi zan lekuan, Gernikan, amaitzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu