New York, Sizilia eta Lisboako gomuta eta inpresinoak saritu ditu Bidaiariaren Txokoa Postal Lehiaketeak

Bizkaie! 2009-09-28 15:04

Beñat Romera Bilbotarra izan da lahenengo saria jaso dauena New Yorken inguruko bere inpresinoak kontetan ditualarik. Sagar Handiko hormigoizko kale jentetsuak goraipatzen dituan testu poetiko bat idatzi dau, estilo espresionistako skyline newyorkdarraren ilustrazinoagaz.

Postalak, lagunei zein senideei oporraldien gomutak bialtzeko nahitaezko errekurtso bihurtzen dira eta honeek lagin literario laburrak bihur daitekez, umore eta ironiaz beteriko testuakaz edo eta inguru turistikoaren deskribapen testuakaz batera. Horixe da behintzat Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak orain lau urtetik hona antolatutako 'Bidaiariaren Txokoa' sariketa honetan nahi izan dauena.

Hogeitik gora izan diran laugarren edizinoko sariketa honetako postalak, gehienak Bilbokoak izan dira, Estaduko leku desbardinetatik heldutakoak be izan arren. Hiru postal onenak bidaietan adituak diran kidez osotutako epaimahaiak aukeratu ditu, bidaiarien abentura-espiritua islatzea, zehetasunez zaindutako konposizinoa izatea eta aukeratutako irudiak bidaia islatzen dauen leku bitxiren bat erakustea izanik kontuan hartu dabena.

Sariketearen aurreko edizinoetan parte hartu dauenik be egon da honakoan be baina epaimahaiaren eretxiz oro har azpimarratu daitekeena esperientziagazko testuen ironia, umorea eta dibertimenduzko ukitua emotearen nahia izan da.

Beñat Romera Bilbotarra izan da lahenengo saria jaso dauena New Yorken inguruko bere inpresinoak kontetan ditualarik. Sagar Handiko hormigoizko kale jentetsuak goraipatzen dituan testu poetiko bat idatzi dau, estilo espresionistako skyline newyorkdarraren ilustrazinoagaz.

Bigarren saria Sorian bizi dan Eva Ortegarentzat izan da eta honek Lulo bere txakur saltzitxari kontau deutsoz Sizilian emon dituen oporraldiko gora-beherak, txakurra bera be txakurren egoitza batean pasetan dagoalako oporraldia. Postalak, igorleak sortutako zigiluak ditu eta mediterraniar irlako jenteen collage bategaz ilustretan dau.

Patxo Landa izan da hirugarren saria jaso dauena 1974ko apirilaren 10ean zigilautako postalagaz, Coronelen erreboltakoa. 'Ez arduratu TBn entzuten dozunagaz, Lisboa zoragarri polita dago, krabelin usaina atzemoten da (eta iraultzarena), asko gozetan nago' dino igorleak ondoko hau esan aurretik: 'posta zerbitzua ez dabil ondo, beraz asteak edo hilebeteak pasau daitekez postal hau heldu artean'.

Sariak Begoñako Udaltegian banatuko dira urriaren 7an, arratsaldeko 19:30etan eta lehiaketara aurkeztu diran postal guztiak jarriko dira ikusgai zentru berean urriaren 1etik 16 bitartean. Saritutako postalak udaleko www.bilbao.net webgunean be jarriko dira ikusgai irailaren 30etik aurrera 'Bidaiariaren Txokoa' atalean.


Bidaiariaren Txokoa

Bidaiariaren Txokoa Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako ekimena da eta urrian seigarren edizinoa egingo dau. Kultur programazino deszentralizatuaren barruan antolatzen dan programa hau 4. Barrutian egin ohi da. Postal-lehiaketa hau, beste errealidade batzuetan mobidu, lehen eskuko testigantza harrigarri eta zirraragarriak entzun eta leku eta bizimodu liluragarriei buruzko zehetasunak ezagutzea gustuko dabenei berbaldiak, ikusentzunezkoak, erakusketak eta kontzertuak eskaintzen deutsezan ekimen handiago baten barruan gauzatu da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu