Teknologia kuantikoak ordenagailu txikiagoak eta komunikazino arinagoak erraztuko ditu
2009-08-10 14:42Nazinoarteko hainbat zientzialarik Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Bizkaiko campusean egin dan 'Quantum Information & Solid State Systems' (Informazino kuantikoa eta egoera solidoan dagozan sistemak) nazinoarteko biltzarrean ataratako ondorioa da hori.
Teknologia kuantikoak ordenagailu txikiagoak eta komunikazino arinagoak erraztuko dituala ondorioztatu dabe nazinoarteko zientzialariek Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Bizkaiko campusean egin dan 'Quantum Information & Solid State Systems' (Informazino kuantikoa eta egoera solidoan dagozan sistemak) nazinoarteko biltzarrean. Informazino kuantikoan eta egoera solidoko sistematan lortutako aurrerapenak aurkeztu ditue zientzialariek topaketan. EHUk, Ikerbasquek eta Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluak (CSIC) antolatu dabe biltzarra.
Bizkaiko campusean egindako topaketa honeetan 30 aditu inguruk parte hartu dabe egoera solidoko sistematan informazino eta komunikazino teknologia kuantikoak garatzeko dagozan aukerak aztertzen.
'Informazio kuantikoko teknologiaren garapenak etorkizunean iraultza bat ekarriko dau, batetik, komunikazino eta zenbaketako gaitasunean eta, bestetik, seguruak diran sistema kriptografiko kuantikoak erabilita informazinoa trukatzeko garaian', jakinarazo dabe adituek jardunaldien ondoren. 'Gaitasun teknologiko horreek, egoera solidoko sistematan sinplifikau eta txikiagotu ostean, egungo ordenagailuek baino eroangarritasun eta sendotasun handiagoa dauen ordenagailu kuantiko bat txip batean sortzea ekarriko dabe'.
Hiru egunetan, EHUk, Ikerbasquek eta Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluak (CSIC) Europako eta Ameriketako zientzialari teoriko zein esperimentalak batu ditue. Biltzarraren antolatzaileak EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Enrique Solano eta Iñigo Egusquiza irakasleak dira; lehenengoa, Ikerbasqueko kide da eta baita Kimika Fisikoa Sailekoa be eta, bigarrena, Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia Sailekoa. Bestetik, CSICko Juan Jose Garcia-Ripoll irakaslea be izan da antolatzailea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!