Gabriel Aresti XXVII. Ipuin Lehiaketeak 12.000 eurotik gora banatuko ditu saritan

Bizkaie! 2009-07-21 15:43   Kulturea

Gabriel Aresti ipuin lehiaketako aurreko edizinoan, 700 lan aurkeztu ziran erdaraz eta 42 euskeraz. Irabazleak Mikel García Idiakezen Bi bizitza eta erdi lana eta Ildefonso Morillasen La libertad del alacrán lana izan ziran.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Gabriel Aresti XXVII. Ipuin Lehiaketarako deialdia egin dau. 12.000 euroko sariak banatuko ditu lehiaketeak, 4.100 euroko saria lehenengoarentzat eta 2.050 euroko bina akzesit banatuko ditu euskera zein gaztelaniazko lan onenen artean.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak orain 30 urte abian jarritako lehiaketa honek, sormen literarioa sustatzea bilatzen dau eta era berean, euskal idazle garrantzitsu honen figurea eta obrea zabaltzea. Arestik (Bilbo, 1033-1975) olerkia, eleberria, ipuina eta antzerkia be landu zituan. Literatura unibersaleko hainbat testu euskeratu zituan eta Euskaltzaindian bere ekarpena itxi eban euskera modernoaren oinarria finkatzeko orduan. Haren lanen artean ezagunenak, Harri eta herri, 1964; Euskal harria, 1968 eta Harrizko herri hau, 1971 olerkiak doguz.

Lehiaketea edozein nazionalidadeko idazlerentzat zabalik egon arren, lanak Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan idatzirik egon beharko dira eta bestalde, gai libreko ipuin originalak, argitaratu bakoak eta lehenago beste lehiaketa batzuetan sarituak izan ez diranak izan beharko dira. Ipuinak gehienez, hamabost orrikoak izango dira, alde bakarretik eta tarte bikotxean idatzitakoak.

Aurreko edizinoetan legez, modalidade bakotxak bere epaimahaia izango dau; honeek literatureagaz lotura zuzena daben personez osotuko dira eta datorren urteko martian jakinarazoko dabe erabagia.

Ipuinak Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailera bialdu behar dira urriaren 30a baino lehen. Sariketako oinarriak Udaleko webgunean topau daitekez.

Gabriel Aresti ipuin lehiaketako aurreko edizinoan, 700 lan aurkeztu ziran erderaz eta 42 euskeraz. Irabazleak Mikel García Idiakezen Bi bizitza eta erdi lana eta Ildefonso Morillasen La libertad del alacrán lana izan ziran.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu