Ibarrangeluko Udalak eta Labayru Ikastegiak Ibarrangeluko historia eta ohiturei buruzko liburua aurkeztuko dabe
2009-07-21 14:40'Ibarrangelu kantu eta kontu' liburuan, Ibarrangeluko hizkuntza-ondareari, ohiturei eta kultureari buruzko materiala jasoten da. Herriko abade Domingo Zuluaga jaunak urteetan egindako lanaren ondorioa da bildumea, eta ekarpen aberasgarria egiten deutso euskal kultureari.
Ibarrangeluko Udalak, Labayru ikastegiagaz batera, 'Ibarrangelu kantu eta kontu', herriko historiari eta kultureari buruz idatzitako lehen liburua aurkeztuko dau garagarrilaren 24an. Liburuan, Ibarrangeluko hizkuntza-ondareari, ohiturei eta kultureari buruzko materiala jasoten da. Herriko abade Domingo Zuluaga jaunak urteetan egindako lanaren ondorioa da bildumea, eta ekarpen aberasgarria egiten deutso euskal kultureari.
Don Domingo Ibarrangelun jaio zan 1914an. Abade ikasketak egiten Artean eta Gasteizen ibilita gero, Iurretara eta Durangora bialdu eben urte batzuetan. 1949an, Ibarrangelura joan zan abade eta han egon da erretirau arte. Beraz, 95 urte laster betetako dala, bizitza luze horretako urterik gehienak Ibarrangelun emon ditu. Hori dala-ta, eta bere ardura eta lan ekin eta zorrotzagaitik, zer kontau asko dauka herriaren ganean.
Aurkezpena Ibarrangeluko Kultur Etxean izango da datorren barikuan, garagarrilaren 24an, 19:30ean. Ibarrangeluko herriari eta haren kultureari, istorioei eta ohiturei buruzko liburu honen bidez, herriko memoria historikoari ekarpen dokumentatua egiten jako eta, horrezaz gan, ekarpen garrantzitsua egiten jako euskal kultureari.
Aurkezpenean honako honeek parte hartzea aurreikusi da: Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkate jn.a, Igone Etxebarria Labayru Ikastegiko ordezkaria, Bizkaiko Foru Aldundiko eta BBK-ko ordezkari bana, Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidentea eta Domingo Zuluaga Ibarrangeluko abadea, liburuaren egilea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!