Jet Lag Bio 09-k 6.000 bisita baino gehiago izan ditu maiatzaren 26tik

Bizkaie! 2009-07-16 14:42

Jet Lag Bio 09 Bilbao Urban Expressions ekimenaren webguneak 6.000 bisita baino gehiago erregistrau ditu joan dan maiatzaren 26an jaialdiaren aurkezpena egin zanetik. Jet Lag Bio-k jaialdiaren gaineko informazino zehatza eskaintzen dau www.bilbaojetlag.net web-orrian, bai eta www.hiriak09.bilbaojetlag.net blogean be.

Jet Lag Bio 09 Bilbao Urban Expressions ekimenaren webguneak 6.000 bisita baino gehiago erregistrau ditu joan dan maiatzaren 26an jaialdiaren aurkezpena egin zanetik. Jet Lag Bio-k jaialdiaren gaineko informazino zehatza eskaintzen dau www.bilbaojetlag.net web-orrian, bai eta www.hiriak09.bilbaojetlag.net blogean be.

Arduradunek adierazo dabenez, bisiten ugaritze handiena Hiriak'09 blogak erregistrau dau. Honek 1.000 bisita baino gehiago izan ditu joan dan garagarrilaren 2an bloggerrek euren iruzkinak argitaratzen hasi ziranetik Berlin, Dakar, Medellin, San Frantzisko eta Shanghaiko uri adierazpen gazteei buruzko informazinoagaz.

'Hiriak da Jet Lag Bio-k erabilten dauen erreminta 2.0 espazioan, eta bilbotar gazteei parte har daien dei egiten deutse, askatasunez euren adierazpenak egin daiezan espazioa eta aukerea eskainiz. 80 blogger baino gehiago interesau ziran ekimen honetan, eta, gainera, hautagaiak, oro har, prestakuntza maila handikoak ziran', adierazo dau Jon Sustatxa Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteri eta Kirol Saileko zinegotziak.

Joan dan maiatzaren 26an Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Sailak argitaratutako deialdi publikoan izena emon eben 82 gazteen artean aukeratuak izan ziran sei bloggerrak. Aukeratutako gazteek Hiriak'09 bloga dinamizetako ardurea dabe eta jaialdi honetan parte hartzen daben urietako gazteriaren adierazpenen gainean eginiko ikerketen emoitzak erabilten ditue horretarako.


Sei begirada

Bloggerrek (22 eta 33 urte bitarteko hiru mutil eta hiru neska) gazteen adierazpenen gaineko euren ikuspegia eskaintzen deutsee irakurleei. Jet Lag Bio-n parte hartzen daben bost uriak bistatik galdu barik (Berlin, Dakar, Medellin, San Frantzisko eta Shanghai) bloggerrek ikerketak egin eta euskeraz, gazteleraz eta ingelesez idazten dabe joerei buruz, esperientziei buruz, kirola, musika, alkarteak, gaua, moda, gizarte sareak, jardunaldiak, kolektiboak eta aukeratutako urietako gazteakaz lotutako gauza guztiei buruz.

Bloggerren bidez, Jet Lag Bio-k hurreratu egin nahi dau urietako gaztetasuna eta uritartasuna, munduko alde desbardinetako gazteek espazio publikoa erabilteko dituen modu desbardinak, eta, bestalde, diferentzia txikien mapa kontzeptuan sakondu nahi dabe, bilbotarrei ulertarazoteko gazteen adierazpen eta kezkak antzekoak dirala, uri honeen artean dagoan distantzia gorabehera.

Bilboko Udaleko Gazteria Sailak martxan jarritako deialdia zabalik dago 18 eta 35 urte arteko gazteentzat. Hautagaiek mezu elektroniko bat bialdu behar izan eben. Bertan, curriculum bat eta argazkia bialdu zituen, lanbide eskarmentua adierazoz; bidaia eskarmentua, batez be jaialdiko urietara eginiko bidaiei buruzkoa -baldin balego-; hizkuntzen ezagupena; zaletasunak eta kezkak; 2.0 munduan eta gizarte sareetan euken eskarmentua; bai eta blogean argitaratutakoari emongo leikioen orientazinoaren deskripzinoa be.

Deialdi honetarako izena emon eben 82 personatik, 45 neskak izan ziran (Bilboko 23, Euskadiko ganerako tokietako 20, Madrilgo bat eta Bartzelonako bat) eta 37, barriz, mutilak (Bilboko 24 eta Euskadiko ganerako tokietako 13).


Bilbon, bigarrenez egingo da aurten Jet Lag Bio jaialdia, urriaren 1etik 4ra bitartean, 'Bilbao Urban Expressions' lemapean

Bilboko Udaleko Enplegu, Gazteria eta Kirol Sailak antolatuta, jaialdi hau Bilbao Aktiba! II Plan Gazteak sustatua eta Bilbo, Berlin, Dakar, Medellin, San Frantzisko eta Shanghaiko gazteriaren uri kulturan dago inspirauta.

Jet Lag Bio 09 jaialdi sortzaile eta barritzailea da, eta gazteen partaidetza eta ekimena dira protagonista. Gazteen eta gazteentzat eginiko jaialdi bat da. Gazteriaren adierazpen modu eta ekimen desbardinak sustatzen ditu eta uri espazioa erabilten dau eszenatoki moduan. Jaialdi honetarako, barriro be ezohiko egitaraua preparau da, hainbat ekintza antolatu dira, eta inplikautako urietako gazte, alkarte eta kolektiboek hartuko dabe parte.

Gazteek erabilitako teknologia barriek aparteko garrantzia izan eben Jet Lag Bio-ren igazko ekitaldian. Zehatzago esateko, bi blog gaitu ziran, kontaktu eta ikerketa erreminta moduan. Blogetako bat jaialdirako erakusleiho bezela erabili zan, eta bestean gazte bloggerrek jaialdian inplikautako Berlin, Dakar, Medellin, San Frantzisko eta Shanghai uriei buruzko informazinoa jaso eben. Blog honeek 54.000 bisita izan zituen.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu