Texaseko Unibersidadeko 27 ikasle EHUko Kimika Fakultatean egongo dira garagarrilaren 14tik abuztuaren 20ra

Bizkaie! 2009-07-06 11:21

'Summer School' izeneko ekimena Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko Maria Jose Fernandez-Berridi eta Maria Dolores Gurruchaga irakasleek koordinau dabe eta aurten egingo da lehenengo aldiz. Halan da be, bi unibersidadeen artean sinatutako akordioak bost urteko indarraldia dauka.

Austin urian (AEB) kokaturiko Texaseko Unibersidadeko 27 ikaslek (15 neska eta 12 mutilek) udearen zati bat pasauko dabe Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Kimika Fakultatean, Donostian, garagarrilaren 14tik abuztuaren 20ra arte, hain zuzen be. Ikasleak zientzietako lehenengo mailetan dagoz eta 18 eta 20 urte bitartekoak dira.

'Summer School' izeneko ekimena Polimeroen Zientzia eta Teknologia Saileko Maria Jose Fernandez-Berridi eta Maria Dolores Gurruchaga irakasleek koordinau dabe eta aurten egingo da lehenengo aldiz. Halan da be, bi unibersidadeen artean sinatutako akordioak bost urteko indarraldia dauka.

Udako eskola honetan, ikasleei kimika organikoko irakasgai bat emongo jake, izaera ofiziala izango dauena, Texaseko Unibersidadeko irakasle John Colafelen eskutik. Era berean, Lacunza akademiak gaztelania ikastaro bat emongo deutse, hori be ofiziala. Eskolak goizez izango dira, 9:00etatik 13:30etara, eta arratsaldean Donostiaz gozetako eta ikasteko denporea izango dabe.

EHUk eta Texaseko Unibersidadeak TASSEP (Trans-Atlantic Science Student Exchange Program) nazinoarteko programan parte hartzen dabe. Egitasmo horretan, Europako 19 unibersidadek, Kanadako bostek eta AEBetako 11k parte hartzen dabe. Ikastaro honegaz lortu nahi dan azken helburua da Ipar Amerikako ikasleak mobikortasun programetan parte hartzera bultzatzea eta ikasle horreei Europa ezagutzeko gogoa eta interesa piztea.

EHUk programa hau antolatzen egindako lanaren ordainetan, Texaseko Unibersidadeak konpromisoa hartu dau 'Summer School' ekimenean parte hartzen daben bere hiru ikasletik EHUko bat onartzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu