VII. Zernola Olinpiadako sariak banatu ditue Donostian

Bizkaie! 2009-05-29 11:28

VII. Zernola Olinpiadako saridunak honeek izan dira: lehenengo saria Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako DBH2A ikasgelako gazteek lortu dabe; bigarren, Lekeitioko R.M. Azkue ikastetxeko DBH2A ikasgelakoak izan dira; eta, hirugarren, Donostiako Axular Lizeoko DBH2D gelakoak.

Elhuyar Fundazinoak antolatu dauen VII. Zernola Olinpiadaren sari-banaketea eta jaia egin dira Donostiako Cristina Enea parkean. Bertan, DBH 1. eta 2. mailako 100 gazte inguru alkartu dira eta Iñigo Azpitarte 'Go!azen' musikaleko protagonisteak girotu dau jaia. Irabazleek Azpitarteren eskutik jaso dabe saria.

VII. Zernola Olinpiadako saridunak honeek izan dira: lehenengo saria Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako DBH2A ikasgelako gazteek lortu dabe; bigarren, Lekeitioko R.M. Azkue ikastetxeko DBH2A ikasgelakoak izan dira; eta, hirugarren, Donostiako Axular Lizeoko DBH2D gelakoak. Irabazleez gan, Donostiako La Salle San Luiseko ikasleak be hurreratu dira jaira, laugarren postuan geratu diranak, hain zuzen be.


Sariak

Lehenengo sariaren irabazleek, Altsasuko Iñigo Aritza ikastolako DBH2A ikasgelako ikasleek, Espejoko aterpetxean bi eguneko egonaldi bat egiteko txartela jaso dabe gelako guztientzat, Arabako Foru Aldundiaren babesari esker. Bigarren sariaren irabazleek, Lekeitioko R.M. Azkue ikastetxeko ikasleek, Plentziako aterpetxean bi eguneko egonaldi bat egiteko aukerea izango dabe, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzinoari esker. Azkenik, hirugarren sariaren irabazleek, Axular Lizeoko 2.D gelakoek, egun bateko osterea egingo dabe Sobronera (Araba) eta, han, kanoan eta abentura-parkean ibiliko dira, Sobron Abentura taldearen eskutik.

Gainera, aurten nobedade bat dago sarietan: laugarren eta bosgarren postuetan sailkatutako ikasgelek, Donostiako La Salle San Luiseko ikasleek eta Gasteizko Jesus Obrero ikastetxekoek, Andoaingo Leitzaran uraren interpretazino-zentroa bisitetako aukerea izango dabe.

2008-2009 ikasturtearen hasieran, Elhuyar Fundazinoak VII. Zernola Olinpiadea jarri eban martxan www.zernola.net webgunearen bidez. Hilero, Euskal Herriko 33 ikastetxetako ikasleek zientziagaz eta teknologiagaz zerikusia daben probak egin behar izaten ditue. Besteak beste, honako gai honeek landu ditue: astronomia, teknologia, ingurumena edota informatika. Lan guztiak www.zernola.net webgunean dagoz ikusgai.

Parte-hartzaileek ikasturtean be sariak jaso ditue, proba bakotxaren ondoren. Sari horreek Eusko Jaurlaritzeak, Berria-k, Donostiako Aquariumek, Gaztezulo aldizkariak, Zientziaren Kutxaguneak, Kukuxumusuk, Senda Viva-k, Astitzeko kobazuloak, Iruñeko Planetarium-ak, Skunk Funk-ek, Elkarrek, Karpin Abenturak emon ditue, besteak beste. Bestalde, irailean hasiko dan VIII. Zernola Olinpiadan parte hartzeko izena emoteko epea zabalik dago www.zernola.net webgunean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu