Blanca Urgell, Ramon Etxezarreta eta Antonio Rivera Kultura Saileko arpegi barriak

Bizkaie! 2009-05-14 12:38

Patxi Lopez buru dauen Eusko Jaurlaritza barrian sailburu izatea onartu dauen lau independenteetako bat da Blanca Urgell (Rafael Bengoa, Carlos Aguirre eta Bernabe Unda dira besteak).

Blanca Urgell, Kultura sailburu barria

Miren Azkarateren lekua hartu dauen 1962an jaiotako gasteiztar hau, Euskal Filologian doktorea da Euskal Herriko Unibersidadean eta Gasteizko Filología Fakultadean eskolak emoten ditu. Ezkondua eta bi alaben ama. Igaz, Euskaltzaindian Henrike Knorr zanaren jesarlekua hartzeko hautagaia izan zan, baina azkenean Patxi Uribarren aukeratu eben.

Urgellek Orotariko Euskal Hiztegia idazten egin eban lan bederatzi urtez. Proiektuari Koldo Mitxelenak ekin eutson, eta Ibon Sarasolak amaitu eban haren heriotzearen ostean.

Eusko Jaurlaritzan sailburu izatea onartu dauen lau independenteetako bat da (Rafael Bengoa, Carlos Aguirre eta Bernabe Unda dira besteak).


Ramon Etxezarreta da Hizkuntza Politikarako sailburuorde barria

Patxi Lopez buru dauen Eusko Jaurlaritza barrian, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzea (HPS) Ramon Etxezarreta PSE-EEko kide gipuzkoarraren esku egongo da aurrerantzean.

Ramon Etxezarretak (Urrestilla, 1954) Donostiako Udalean bete dau bere ibilbide politikoaren tarterik zabalena. 1995etik 2007ra izan zan zinegotzi Donostian. 2007ko udal hauteskundeetan ez zan sozialisten zerrendetan aurkeztu, baina Gipuzkoako uriburuko Udalean jarraitu dau lanean orain arte, Kultura ordezkari lanetan. Donostiako zinegotzi izan zan bitartean, Kultura eta Euskara Batzordeko buru izan zan.

Alderdi sozialistearen zerrendetan aurkeztuta Donostiako Udalera heldu aurretik, Azpeitikoan be izan zan zinegotzi Etxezarreta 1979etik 1987ra, orduan Euskadiko Ezkerrako ordezkari moduan. Donostiako zinegotzi izentau aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundian itzultzaile lanak egin zituan. Horrezaz gan, idazlan batzuk be baditu argitaratuak, besteak beste 'Hiztegi erotikoa'.

Etxezarretak Patxi Baztarrika jeltzalearen lekua hartu dau. Baztarrikak 2005etik hona bete dau Hizkuntza Politikarako sailburuorde kargua.


Beste alde batetik, Antonio Rivera (Miranda de Ebro, Burgos, 1960) EHUko Historia katedraduna Kultura sailburuordea izango da. Unibersidadetik politikara 2005. urteko hauteskunde autonomikoetan egin eban salto alderdi sozialisteagaz. Edozelan be, historia gaiak eta ikerketak ez ditu sekula baztertu eta igaz argitaratu eban 'La utopía futura. Las izquierdas en Álava, recorrido del liberalismo ilustrado del siglo XX a la actualidad'.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu