Komunikazino arloko teknologiaren aurrerapenak aztertuko ditue Euskalduna Jauregian

Bizkaie! 2009-05-12 17:51

Maiatzaren 13tik 15era bitartean Bilboko Euskalduna Jauregian egingo dan 'Symposium on Broadband Multimedia Systems and Broadcasting' (BMSB) biltzarrak 170 aditu batuko ditu, Europatik, Asiatik eta Ipar Amerikatik, Hego Amerikatiko eta Afrikatik etorritakoak, multimedia teknologien ganean jarduteko.

Institute of Electrical and Electronic Engineers (IEEE) zentroak antolatzen dauen 'Symposium on Broadband Multimedia Systems and Broadcasting' (BMSB) biltzarra maiatzaren 13tik 15era egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian. Biltzar hori nazinoartean erreferentzia da multimedia teknologien eta irrati eta telebistako difusinoaren arloan, eta 60 urtean lehenengoz egingo da AEBetatik kanpo.

Biltzarrak 170 aditu batuko ditu, Europatik, Asiatik eta Ipar Amerikatik, Hego Amerikatiko eta Afrikatik etorritakoak, Euskal Herriko Unibersidadeak (EHU) jakinarazo dauenez.

Inaugurazinoan izango dira EHUko Zientziaren eta Teknologiaren Garapenerako erretoreorde Joan Salles, IEEEko Broadcast Technology Society alkarte zientifiko eta teknikoko presidente Bill Hayes eta BMSB2009 biltzarreko bi presidenteak: EHUko irakasle Pablo Angueira eta Braunschweig Technical University-ko ordezkari Ulrich Reimmers.

Multimedia komunikazinoen arloko azken aurrerapenen ganeko ehun bat berbaldi zientifiko eta tekniko aurkeztuko dira sinposioan maiatzaren 15era arte. Besteak beste, telebista eskuko telefonoetara bialtzeko zerbitzu barriak, Internet protokoloaren bidezko telebista (IPTB) eta multimedia tresna eta zerbitzu eroangarriak izango dira gaiak.

Sistema horreei esker, seinaleak banatzen dituen bandak hobeto aprobetxau ahal dira produktu barriak eskaintzeko, berbarako: argitalpenak, filmak, musikea edo jokoak gaurkotzea; eta zerbitzu barriak, eskabideen araberako telebistea edo telebistako bereizmen hobea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu