Sano pozik Pou anaiak Chañi Chicotik bueltan
2009-05-07 15:43Espedizinokideen esanetan, 'orain arteko espedizinorik onena, ikusgarriena izan da Chañi Chicora Euskaltel Espedizinoa'.
Helburu guztiak beteta, sano pozik bueltau dira Euskaltel Chañi Chico espedizinoko Eneko eta Iker Pou anaiak eta Jabi Baraizarra. 'Marcados por el Chañi', 'Pachamama' (5+/6a/700 metroko desnibela), 'Vitoria-Gasteiz' (550 m., luze bi izotzean) eta 'Gure Etxea Euskaltel' (60º/850 m. + Chañi Handiaren trabesia) bide barriak zabaldu ditue, hasierako helburua 5.571 metroko Chañi Chicon hegoaldeko hormea eskaletea baino ez bazan be. Eguraldiak eraginda, ohiz kanpo edur asko egoalako Chañi Chico mendikatean, beste bide batzuk zabaldu ditue izotzean, hatxean eta mistoan.
'Marcados por el Chañi' (85º/600 m.), helburu nagusiari jagokonez, Chañi Chicoren hegoaldeko horman, lehenengo bide glaziarra osotu dabe eta 1.000 bat metroko hormea espero arren, azkenean 600 baino ez dabez neurtu eskalatzaileek. Estilo alpinoan eta geldialdirik barik egindako eskaladea izan zan, 12 orduko eskalada saioan. Bide ederra, gatxa, zabaldutako lau bidetetaik gatxena, beti be, 5.000 metrotik gora.
Kontuak kontu, Argentina iparraldeko historia eta magia handiko ingurunetik, paraje eder, kontrasteez beteriko lurretatik, inken babesleku izandako bazter isolatu horreetatik, sano pozik etorri dira espedizinokideak eta goi mendietan 'harribitxitzat' jo dabe Chañi Chicoren mendikatea. Helburu barriak topetea benetan gatxa izanik, pribilegiatuak sentidu dira Pou anaiak eta Jabi Baraizarra ingurua eta inguruan atzemoten dan magia hur-hurretik ezagutu dabelako eta gainera lau bide barri zabaldu dituelako. Espedizinokideen esanetan, 'orain arteko espedizinorik onena, ikusgarriena izan da Chañi Chicora Euskaltel Espedizinoa'.
Orain, barriz, udarako abentura barria preparetan hasita dagoz. Hatxean, orain arteko proiekturik gogorrenari eutsiko deutse 'etxetik hur'. Bestelako azalpenik ez dabe emon.
Gaur goizean plazaratu dabe Bilbon ezpedizinoari buruzko informazino guztia Euskalteleko harreman instituzionaletarako zuzendariak, Nere Lupardok, Eneko eta Iker Pou anaiek eta Jabi Baraiazarrak.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!