Gernikako Bakearen Museoak inmigrazino irregularraren ganeko erakusketea zabalduko dau

Bizkaie! 2009-05-06 15:00

'La ruta prometida' izeneko erakusketearen helburua jenteak, batez be gazteak, Afrikako kostaldeko inmigrazino irregularren zergaitiak ulertzea da. Maiatzaren 8tik bagilaren 28ra bitartean egongo da ikusgai.

Gernikako Bakearen Museoa Fundazinoak 'La ruta prometida' izeneko aldi baterako erakusketa barria aurkeztu dau. Erakusketa interaktibo eta partehartzaile hori Cepaim Acción Integral con Migrantes erakundeagaz alkarlanean antolatuta dau eta Espainiako Lan eta Inmigrazino Ministerioaren diru-laguntzinoa izan dau.

'La ruta prometida' erakusketearen helburua jenteak, batez be gazteak, Afrikako kostaldeko inmigrazino irregularren zergaitiak ulertzea da. Erakusketea CEPAIMek dituan aldi baterako harrera eta emergentziako zentruetan egin dan analisi sakonaren emoitza da. Magreb-etik eta mendebaldeko Afrikatik etorri diran protagonistek baita kulturaren munduko beste persona batzuen lekukotasunek osotzen dabe erakusketa honen edukia.

Erakusketak 5 esparru ditu eta, horreetariko bakotxean, Afrikako etorkinen bizipenen ikuspuntu desbardinak emoten dira. Bestalde, gaiaren inguruko ikus-entzunezko bi be egongo dira, 'El lobo de los cuentos' eta 'Bizi naizen lekutik'.

Almerian, Cartagenan, Ciudad Realen, Valentzian, Sevillan, Bartzelonan, Huelva eta Madrilen egon ondoren, 9.000 bisitari baino gehiago izan dituan 'La ruta prometida' erakusketea maiatzaren 8tik bagilaren 28ra egongo da ikusgai Gernikako Bakearen Museoan. Martitzenetatik zapatuetara 10.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara eta domekatan 10.00etatik 14.00etara. Informazino gehiago gura izan ezkero: www.bakearenmuseoa.org

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu