Gernika eta Pforzheim arteko bizikleta bidezko ibilaldi batekin ospatuko da bi herrien senidetzearen 20. urteurrena
2009-05-05 10:48'Frieden erfahren' izenburupean (Bakea sentidu edo, berba-jokoan, 'bakea lortzeko bidea egin'), Pforzheim herri alemanaren eta Gernika-Lumoren (Bizkaia) arteko ibilaldi bat egingo da bizikletaz abuztuaren 22tik irailaren 5era bitartean, bi udalerrien arteko senidetzea gauzatu eban agiria sinatu zaneko 20. urteurrena ospatzeko asmoz.
'Frieden erfahren' izenburupean (Bakea sentidu edo, berba-jokoan, 'bakea lortzeko bidea egin'), Pforzheim herri alemanaren eta Gernika-Lumoren (Bizkaia) arteko ibilaldi bat egingo da bizikletaz abuztuaren 22tik irailaren 5era bitartean, bi udalerrien arteko senidetzea gauzatu eban agiria sinatu zaneko 20. urteurrena ospatzeko asmoz, Gernika-Lumoko Udaletik jakinarazo dabenez.
Ekimen honen antolakuntza 'Frieden erfahren' proiektuaren partaide diran Pforzheim uriko bizikleta zaletu talde batena da. Era berean, Gernika Gogoratuz alkartearen eta Gernika-Lumoko Udalaren esku ere badago antolakuntza lana. Ekintza honen bitartez, 1988. urtean gazte talde batek egin eban lehenengo martxan egindako ibilbidea errepetidu gura dabe. Orduko ibilaldiaren asmoa senidetze izenpearen aldeko adierazpena izan zan.
Txirrindulari taldeak adiskidetasuna eta alkar ezagutza sustatu gura ditu Europan zehar egingo dan bidaia honetan. Ganera, 'bakearen eta adiskidetzearen ikur bizia izanik, egungo adiskidetzeak landu eta barriak sortu gura dira'. Proiektu honek Pfrozheimgo Udalak Gernika-Lumoko bonbardaketearen urteurrenera bialdu eban ordezkaritzeagaz egindako bilerearen zati garrantzitsua bete dau.
Senidetzea egiteko preparazinoetan ebiltzanean, gazte batzuk Pforzheim eta Gernika-Lumo bitarteko ibilaldi bat egin eben 1988an, bakearen eta adiskidetasunaren izenean. Martxa hau errepetiduteko asmoz, ordukoa egin ebenek bi udalerrien artean dagozan 1.519 kilometroak barriro egin gura ditue hamar egunetan zehar.
Txirrindularietako batek -aurreko martxan be parte hartu ebanak- bere usteak azalduko ditu etapa bakotxaren ostean, akuarela eta ikatzagaz egindako artelanetan. Lan honeek, gero, Gernika-Lumon ikusgai jarriko ditue, eta gero Pforzheimen. Alemaniako herrira heltzen diranean, enkantean atarako dira eta bertan lortzen dan dirua Gernika Gogoratuz alkarteari emongo jako.
Bestalde, herritarrak ahalik eta gehien inpliketako, Interneten blog bat jarri dabe informazinoa jaso eta parte hartzeko. Bloga alemanez, euskeraz, gaztelaniaz eta frantsesez kontsulta daiteke: www.pforzheim-gernika.org.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!