'Elhuyar' aldizkariak itxura eta eduki barriak izango ditu maiatzeko zenbakitik aurrera
2009-05-04 10:53Ikuspegi barritzaile eta modernoago batetik helduko jakoz irakurleari zientziari eta teknologiari buruzko barriak. Ganera, atal barriak izango ditu aldizkariak, besteak beste, 'Mundu ikusgarria', 'Mundu digitala', 'Istorioak', 'Liburutegia' edo 'Gogoetan'.
'Elhuyar Zientzia eta Teknologia' aldizkaria erabarrituta etorriko da maiatzetik aurrera. Itxura aldetik, diseinu eta formatu barriak izango ditu, baina edukietan be izango dira aldaketak, informazinoa eskaintzeaz gan, zientziako eta teknologiako gaiei buruz hausnarketea egiteko aukerea emongo jakolako irakurleari, aldizkariko arduradunek iragarri dabenez.
Informazinoa emoteko erea aldatuko da, beraz, eta ulerterrazagoa izango da irakurlearentzat. Elhuyarrek dauen zorroztasuna galdu barik, ikuspegi barritzaile eta modernoago batetik helduko jakoz irakurleari zientziari eta teknologiari buruzko barriak. Ganera, atal barriak izango ditu aldizkariak, besteak beste, 'Mundu ikusgarria', 'Mundu digitala', 'Istorioak', 'Liburutegia' edo 'Gogoetan'.
Maiatzeko gai nagusia hazi transgenikoak eta horreen erabilerea nekazaritzan izango da. Hiru artikulutan, hazi transgenikoen auzia aztertu dau aldizkariaren maiatzeko zenbakiak. Hasteko, EHUko irakasle Leire Escajedok eta Jose Ramon Mauleonek ikuspegi global batetik aztertu dabe transgenikoen erabilerea nekazaritzan. Bioteknologiako gaiei buruzko araudietan aditua da Escajedo; Mauleon, barriz, nekazaritzearen eta elikadura-sistemearen soziologian.
Ondoren, Mertxe de Renobales ikertzailearen laguntzinoagaz, hazi transgenikoak zer teknikaren bidez sortzen diran aztertu da, eta, azkenik, nekazaritza ekologikoan diharduen Jon Harluxetegaz izan da aldizkaria.
Horrezaz gan, Donostian zabaldu barri daben CIC nanoGUNE ikerketa-zentroa bisitau dau aldizkariak, nanoeskalan ikertzeko baliogarria dan eraikin batek dituan berezitasunak ezagutzeko. Izan be, oso eskakizun zehatzak bete behar ditu holako eraikin batek. Azkenik, zebra-arrainari buruzko erreportaje bat argitaratu da zenbaki honetan. Ikerketa-laborategietan gero eta gehiago erabilten da arrain hau eredu moduan, eta AZTIn proiektu bat abiarazo dabe, metodologiak bateratu eta eraginkortasuna handitzeko.
Bestalde, harpidetza-kanpaina bat be jarri da martxan. Harpidedunek 49,5 euroren truke urtean 11 ale jasoko ditue (garagarrilean eta abuztuan aldizkari bakarra argitaratzen da), eta erregalu moduan ordenagailu eroangarriarentzako motxila bat jasoko dabe. Gainera, harpidedunek % 20ko deskontua izango dabe Elhuyarren katalogoko produktuetan. Halan da be, nahiago dauenak aldizkaria kiosko eta liburu-denda nagusietan eskuratu ahal izango dau 4,5 euroren truke.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!