Sortzen Ikasbatuaz alkarteak euskal eskola publiko barriaren aldeko jaia antolatu dau Aian maiatzaren 3rako
2009-04-24 10:50'Euskerea eta euskal kulturatik abiatuta mundu oso bati zabaltzen jakon' euskal eskola publiko barria aldarrikatuko dau alkarteak, 'parte-hartzailea, integratzailea, hezkidetzan eta bardintasunean oinarritua'.
Sortzen Ikasbatuaz alkarteak euskal eskola publiko barriaren aldeko jaia ospatuko dau maiatzaren 3an Aia herri gipuzkoarrean. 'Euskerea eta euskal kulturatik abiatuta mundu oso bati zabaltzen jakon' euskal eskola publiko barria aldarrikatuko dau alkarteak, 'parte-hartzailea, integratzailea, hezkidetzan eta bardintasunean oinarritua'.
Antolatzaileek jakinarazo dabenez, egitaraua goizeko 10:00etan hasiko da Aiako inguruetan egingo dan mendi ibilaldiagaz. Eguerdi partean jaialdia hasiko da herriko frontoian, eta Gipuzkoako hainbat ikastola eta ikastetxeko ikasle, guraso eta langileen ikuskizunak izango dira, Porrotx, Txapas eta Modestoren laguntzinoagaz.
Bazkaltzeko ordua, 14:00etan, helduenentzako 'kantu bazkaria' izango da: lehenengoa, entsaladea eta paellea; bigarrena, biribilkia eta saiheskia; postrea eta kafea; guztia 16 euroren truke. Izena emoteko 943 303504 telefonora deitu behar da astelehenetik barikura, 10:00etatik 14:00etara.
Nagusiak bazkaltzen dagozan bitartean, 14:00etatik 16:00ak arte, umeentzako tailerrak izango dira Sortzen Ikasbatuaz alkarteko Euskaraz Mintzako begiraleek zuzendurik. Hori dala eta, umeentzako bazkaria etxetik ekartea gomendatu dabe antolatzaileek. Amaitzeko, 16:00etatik 18:00etara erromeria izango da Modestogaz.
Aiako festak Iruñeko Takoneran maiatzaren 24an ospatuko dan jai handia girotzeko eta iragarteko asmoa dauka, 'bai eta gure eskola ereduagaz bat egiten daben Gipuzkoarren arteko hartu-emonak sendotzea be'. Aurtengo jaiaren leloa 'Bizi Euskal Eskola' da eta Antsoaingo Haur eta Lehen hezkuntzako Ezkaba ikastetxea dabil antolakuntza lanetan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!