Badatoz Bilboko 30. aratusteak
2009-02-17 14:502009an, Bilboko Aratusteek 30 urte beteko ditue eta Farolin eta Zarambolas, Aratusteko personaiarik bertokoenak, barriz, zilarrezko ezteiak. Hori dala-eta aurtengo Aratusteei hasierea emoteko Bilboko Musika Bandak Aratusteetako Kontzertu Berezia eskainiko dau zezeilaren 19an, Bilboko Zabalgune Eraikinean.
2009an, Bilboko Aratusteek 30 urte beteko ditue eta Farolin eta Zarambolas, Aratusteko personaiarik bertokoenak, barriz, zilarrezko ezteiak. Hori dala-eta aurtengo Aratusteei hasierea emoteko Bilboko Musika Bandak Aratusteetako Kontzertu Berezia eskainiko dau zezeilaren 19an, Bilboko Zabalgune Eraikinean. Kontzertu honetan, omenaldia egingo jake 25 urte honeetan Farolin eta Zaranbolas izendapenak modu adoretsuan eroan dituenei, hildakoak berenberegi gogoratuz.
30 urte ez dira egunero beteten eta merezidu dauen moduan ospatzeko holako urteurrena, Bilboko Aratusteek bilbotar guztiei konbita berezia luzatu nahi deutse: LUXURIA eszenatokira igotera, SABELKERIAz gozetako Cafe La Granjak antolatutako etxeko txorizoen lehiaketan, ZEKENKERIA azaltzera zezeilaren 21ean Mozorroen Lehiaketan, ALFERKERIAren kontra jokatzera eta kalera urtetera ondo mozorrotuta, jai egun honeetan SUMINA alde batera ixtera, Barnaval irabaziko dauen lokalaren aurrean BEKAIZKERIA sentidutera eta, beste aldetik, HARROKERIAren begiradea erakustera gu geu baldin bagara inbidiatuak. Izan be, Turismo eta Jaietako Sailak Infernua eta Zazpi Pekatu Kapitalak aukeratu ditu 2009ko Aratusteen ardatz nagusi.
Ohikoa dan Farolin eta Zarambolasen Epaiketeak egoitza estreinauko dau aurten: Bilborock aretoan. Bertan izango dira epaituak hurrengo barikuan, zezeilak 20, arratsaldeko 20:00etan, Tomás Salazar, Farolin, eta Las Fellini, Zarambolas. Aldaketeagaz ekitaldiak leku gehiago izango dau eta ezaugarri tekniko hobeak eskainiko deutsoz antzerki, kabaret edota auto sakramentalaren formatua dauen prozesuari.
Gai desbardin bati buruzkoa izaten da urtero personaia honeen epaiketea, eta ekitaldiaren gidoia eta personaien defentsa gai honetan oinarritzen dira. Bilborockeko estreinaldirako hain bilbotarra dan ekitaldiak ezin eban giropen hoberik aukeratu. Izan be, antzezpena Pabellon Vegaren kabaretean oinarrituko da. XX. mende hasieran kabaret hau, antxinako La Merced komentuaren (gaurko Bilborock) ondoan egiten zan, La Naja eta Bailenen arteko kantoian.
'La venganza de Don Julián' izenpean, epaiketeak 1915eko Bilboko Aratusteak birsortuko ditu eta bertan Don Julián Vega, Salon Vegaren jaubea eta bere varietes programea topauko doguz, Raquel Mellerregaz, ilusionistakaz eta vedetteakaz. Bilborockeko eszenatokian Aita Basterra, lokal honen areriorik nagusienetakoa, edo La Merced komentu horretako mojak be agertuko dira.
Carlos Bacigalupe, idazlea, kazetaria eta, besteak beste, 'Bilbao a escena, Pequeña historia del Teatro Arriaga' eta 'ABAO, 50 años de historia 1953-2003' lanen egilea da aurtengo epaiketearen gidoiaren egilea. Eszenaren zuzendaria, barriz, Kepa Gallego aktore eta zuzendaria.
Infernuak eta zazpi pekatu kapitalek Kale Nagusia zeharkatuko dabe 2009ko Karrikaldian
Bigarren urtez Karrikaldia antolatu dau Bilboko Turismo eta Jaietako Sailak. Hurrengo zapatuan, zezeilak 21, karrozek, fanfarriek eta kale animazinoak osotutako martxa honek Kale Nagusia zeharkatuko dau Jesus Bihotza Plazatik Plaza Biribilera arte. Arratsaldeko 18:30etik aurrera 2009ko Karrikaldiak Infernua eta Zazpi Pekatu Kapitalak birsortuko ditu, argia, soinua, zortzi karroza eta 180 artista baino gehiagoko ikuskizun bategaz. Karrikaldiak 72.000 argi batio eta 28.000 soinu batio izango ditu, eta karrozakaz batera, sei artista konpainia, 25 musikariz osotutako fanfarre dibertigarria, batukada, hankaluzeak, zonbiak eta perkusino talde bat.
Era berean, Moyua Plaza eta Mazarredo/ Urkijo kale bidegurutze bitartean Aratustodromoa instalauko da. Arratsaldeko 20:00etatik aurrera hiru eszenatokietan programau diran ikuskizunakaz gozatu ahal izango da, Uneentzako Jaia, Kabareta eta Beatlesen Musikea. Karrikaldia paretik pasa ondoren ekingo jako hiru eszenatokietako bakotzean aurreikusitako jarduereari.
Bien bitartean, Tandarica Orkestar izeneko kale animazino taldea Kale Nagusiatik hur dagozan taberna inguruetan ibiliko da. Bost aktore eta 6 musikari honeek balkanetako musika ikuskizuna eskainiko dabe, zirku ukituagaz.
Aratustodromoan programazinoa amaitu ahala, Alde Zaharrean jarraituko dau jaiak Always Drinking Marching Band taldeagaz.
Eta, gaueko hamaiketan, aurtengo nobedaderik handienetarikoa: Plaza Barriko Aratusteen Dantzaldi Berezia. Tarantella orkestreak, bere 12 musikarigaz, guztien gustuentzako musikegaz beteko dau Plaza Barria.
Bestelako jarduerak
Granja kafetegiak antolatutako etxeko txorizoen hamahirugarren Bilbo Hiria lehiaketako sari banaketea, erromeriak, kalejirea Euskal Herriko instrumentuakaz, txistularien diana, eskoletako umeen dantza saioa, Beti Jai Alai Dantza taldearen Aratusteetako ikuskizuna eta Aratusteetako Kartel lehiaketako lanen erakusketea Barrainkuako Kultur Etxean dira jai programea osotzen daben bestelako jarduerak. Sardinea erretzeak programeari amaierea emongo deutso zezeilaren 24an, Arriaga Plazan 20:30etan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!