San Balendinak eta artearen neurketea Zeanuriko Eleizondon

Testua Eta Argazkiak Jon Urutxurtu 2009-02-10 13:27

Piedadeko artearen neurketea hasi zanetik 50 urte beteten diranean, ofizialtasuna emon gura deutse ohitura bitxi honi eleizondotarrek, aurrerantzean be jarraipena izan daian. Ganera, zuhaitzari neurri hartzeaz Zeferino Lejarretaren semea, Gregori Lejarreta aurduratuko da aurten.

Urtero legez, aurten be San Balendik jaiak ospatuko dira Zeanuriko Eleizondo auzoan, Piedadea izenaz ezagutzen dan ermitearen iguruan, zezeilaren 14an, zapatuan. Egitaraua apala, baina, aldi berean, bitxia antolatu dabe eleizondotarrek: eguerdiko 12:00etan, mezea izango da Piedadea ermitan; meza ostean, ermitearen aurrean dagoan artearen neurketeari ekingo deutse; eta 13:00etan barauskarria (urdaia, pamitxea eta ardaoa) banatuko jake bertara hurreratzen diran guztiei. Ekintza horreek herriko txistularien doinuen eta bertsolarien kantuen artean egingo dira.

Egitarau honetan aitagarria da orain dala 50 urte eleizondotarrek hasi eben eta aurten, aldi batean bertan behera itxita egon ondoren, berreskuratu eta ofizialtasuna emon gura deutsen ekintzea: Piedadeko artearen neurketea, hain zuzen be.

Igor Intxaurraga, aurtengo maiordomoaren arabera, 'Piedadearen aurrean dagoan artea, lehenago leku berean egoan beste baten ordezkoa da. 1958 urtean landatu eben gure aurrekoek. Hurrengo urteetan, San Balendin egunean edota San Balendin eguna ospatzen zan domekan –konbit egunean– batzuetan bazkalostean, eta beste batzuetan afalostean, jai giroan, bolanderak botaz, bertsoak abestuz... artea neurtu egiten eben. Neurtzeaz Gorordo baserriko Zeferino Lejarreta arduratzen zan. Eta neurtu ostean, jaia amaitutzat emoten zan. Zeferinoren kuadernoetan lehen urteetako neurketen zehetasunak topau doguz; lehenengo neurketea 1959koa da, eta zera irakurri daiteke bertan: La medida de la encina de la Piedad, en los años medidos. Grueso a la altura de 1,50: 0,18'. Tradizino hau apurka-apurka galdu egin zan eta azken neurketea Kandido Intxaurragak egin eban 1999an; papeltxo batean ondokoa idatzi eban: Piedadeko artea. 99-2-14. a 1,50 circunf.: 1,50.

Aurrekoek hasitako ohiturea ez dabe galtzen itxi gura eleizondotarrek, eta Igorrek dinoanez, '2007an neurtzen hasi ginan barriro, eta 2008an neurtzeaz ganera, agiri-liburua zabaldu genduan, bertan neurtzaileak, maiordomoak eta idazkariak sinatuz. Igaz 171 zm.-ko neurria hartu geuntsan arteari'.

Piedadeko artearen neurketea hasi zanetik 50 urte beteten diranean, ofizialtasuna emon gura deutse ohitura bitxi honi eleizondotarrek, aurrerantzean be jarraipena izan daian. Ganera, zuhaitzari neurri hartzeaz Zeferino Lejarretaren semea, Gregori Lejarreta aurduratuko da aurten.

Bestalde, ermitearen ezaugarrei, artearen neurketearen tradizinoari eta San Balendinen bizitzari buruzko azalpenak dakarzan txostena banatuko dabe antolatzaileek Eleizondora hurreratzen diranen artean.


Piedadea ermitea eta bere ezaugarriak

Eleizondoko Piedadea, errendegi ermitea —ermita humilladero gazteleraz— izenagaz ezagutzen dan tipologiakoa da. Era honetako baseleizak herrien sarreretatik hur, bide bazterretan, eregiten ziran edota, Piedadearen kasuan gertatzen dan lez, bere eleizpetik galtzadea igarotzen zan. Eleizondon oraindino ikusi daiteke Erdi Aroko galtzadearen tarte txiki bat.

Antza danez, antxina, era honetako ermitetan Gurutzearen aurreko errendia (humillazinoa) egiten zan; zeremonia horren bidez ibiltariak bere fidel izakerea adierazoten ei eban, hau da, ez zala moroa ezta judua be; horrezaz ganera, herrian sartu aurretik, gogo baketsuakaz etorrela adierazo gura eban.

Eleizondoko Piedadea baseleizea XVIII. gizaldikoa da. Oin laukizuzena —7,20 m X 5,30 m— dauka; hormak errekarrizkoak dira, harlandu txikiakaz ertzetan eta huts-guneen inguruetan. Lau uretako teilatua dauka, eta ez dauka kanpadorrerik.

Eleizpea zarratua da, eta puntu-erdiko ate bi eta leiho zabal bat daukaz, hau be puntu erdikoa. Sarrerek burdinaz sareztatutako ateak daroez eta leihoak be burdindun hesia dauka.

Baseleizarako sarrerea puntu erdiko arku bat da, egurrezko hesi bategaz zarratua, arku horretan txertatzen da barrura sartzeko egur-atea.

Baseleizan gordeten diran irudiak: Piedadea, Jesusen Bihotza eta San Balendin.

Jaia eta errituak: lehenago San Balendin eguneko mezea parrokian emoten zan. Jai bezperan santuaren irudia parrokiara eroaten zan prozesinoan, eta San Balendin egunean, ermitearen inguruan buelta bat emon ondoren, bere jatorrizko lekuan ixten zan.

Ohiturea zan ama izan gura ebenak Piedadera hurreratzea seme-alabak eukiteko eskaerea egitera; umeak be eroaten zituen Ama Birjinearen babesa izateko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu