Bilboko Kafe Antzokia martxan barriro

Bizkaie! 2009-02-10 10:31

Xabier Monasterio, Kafe Antzokiko arduradunak 8.000 lagun eta 500 kultur eragileen babesa eskertu eta hilebete zarratuta egoteak 100.000 euroko galera ekarri dauela aurreratu dau.

Bilboko Udalaren Segurtasun Sailak ezarritako zigor administratibo baten ondorioz hilebetez zarratuta eta bere jarduera guztiak bertan behera geratu ondoren, Bilboko Kafe Antzokiak ateak zabaldu ditu barriro. Xabier Monasterio, Kafe Antzokiko arduradunak 8.000 lagun eta 500 kultur eragileen babesa eskertu dau eta hilebete zarratuta egoteak 100.000 euroko galera ekarri dauela aurreratu dau.

Kafe Antzokiko arduradunek prentsaurrekoan adierazo dabenez, Kafe Antzokiak ondo ikusten ditu personek mota guztietako ekitaldi publikoetan izan behar daben segurtasuna bermatzeko ahaleginak. Halan da be, nabarmendu gura izan dabe herri agintariei ez eze, ekitaldion antolaketan diharduten eragileei eta, oro har, hareetan partaide diran herritarrei be jagoken eginkizuna dala.

Kafe Antzokia hilebetez zarratu dauen zigor administratiboak aretoaren edukieran edo aforoan izandako gorabehera bat izan dau oinarri. Itxieraren osteko prentsaurrekoan adierazo eben legez, Bilboko Udalak Kafe Antzokiari autortutako legezko aforoa (420) 'ez da ezelan be gure aretoak berez daukan egiazko aforoa', arduradunen esanetan. Teknikari batzuek oraintsu Bilboko Udalaren Babes Zibileko arduradunen oniritziaz preparautako txosten teknikoek argi frogatzen dabe Kafe Antzokiari 870 lagunentzako edukiera jagokola eta danen segurtasuna erabat bermatzeko nahikoa dala larrialdietarako urteeren aldean lan batzuk egitea.

Horrezaz gan, prentsaurrekoan adierazo dabenez, dagoeneko eskatuta dagoz aitatu lan horreei ekiteko baimenak, 'alde batetik, gure bezeroentzat segurtasun handiagoa lortzeko asmoz, eta, bestetik, legezko aforoa eta egiazko aforoa bateratzeko eskaerea barriro egiteko asmoz'.

Kontuak kontu, lanean jarraitzeko gogoz dagozala esan dabe arduradunek eta betiko ilusino, profesionaltasun, zintzotasun eta alaitasunagaz ekingo deutsela beharrari; euskal kulturaren alde eta personak kulturen bidez alkarrengana batzearen alde lan egiten jarraituko dabela, hain zuzen be.


Egitarau potoloa Kafe Antzokian datozen egunotan

Xabier Letek (Oiartzun, 1944ko apirilak 5) 'Egunsentiaren esku izoztuak' liburuko poesia irakurraldi berezia eskainiko dau gaur, hilak 10, Joxan Goikoetxearen musikeak lagunduta. Emonaldia 20:00etan hasiko da eta jesarrita izango da.

Xabier Letek, euskal poesiagintza eta kantagintzan ukaezinezko erreferente (18 disko danetara eta bost poesia liburu argitaraturik, lehenengoa 1968an), 15 urte poesiarik argitaratu barik egon ondoren, oraintsu 'Egunsentiaren esku izoztuak' poema liburua plazaratu dau Pamiela argitaletxearen eskutik.

Xabier Leteren lehenengo aldia izango da Bilboko Kafe Antzokian.

Sarrerak gonbidapen bidez banatu ditue baina Kafe Antzokian bertan, Gabriel Aresti euskaltegian eta info@kafeantzokia.com helbidera mezu bat bialduta be lor daitekez.

Horrezaz gan, bihar, zezeilak 11, GIANT SANDT eta CHUCK PROPHET taldeak izango dira zuzenean; 12an, eguenean, THE MUFFS kaliforniarrak eta barikuan, hilaren 13an, TOTE KING, Sevillako rap kantaria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu