Berbaldi zikloa Bilbon, Charles Darwinen jaiotzaren 200 urteak ospatzeko

Bizkaie! 2009-02-04 14:53

Aurten, zientzialari ingelesaren 200. urteurrena izateaz gan, haren teoria ezagun eta iraultzailearen argitalpenaren 150. urteurrena be bada.

Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak berbaldi ziklo bategaz ospatuko dau Charles Darwinen jaiotzaren 200. urteurrena, diziplina zientifiko desbardinetako nazinoarteko hainbat ikertzailek parte hartuko dabelarik. Berbaldiak Bidebarrieta liburutegiko ekitaldien aretoan izango dira, eta aurreko edizinoetako arrakastea ikusirik programearen iraupena luzatu da.

Era honetan, 2007an eta 2008an hainbat hizlarik egun bakarrean parte hartu baeben, 2009an, hitzaldi ziklo bat antolatu da zezeilean zehar. Berbaldi guztiak eguenetan izango dira, 19:30etatik aurrera, azkena izan ezik, zezeilaren 25ean -eguaztena- izango baita. Sarrerea dobakoa izango da, aretoko 300 aulkiak bete arte.

'Eboluzinoa ospatuz - Charles Darwin jaiotzaren 200. urteurrena' izenburupean antolatutako berbaldi zikloa, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, Euskal Herriko Unibersidadeak (EHU), Circulo Esceptico alkarteak, EHUko Biofisika sailak, CSIC eta CIC bioGUNE-k alkarlanean antolatu dabe. Izan be, aurten zientzialari ingelesaren 200. urteurrena izateaz gan, haren teoria ezagun eta iraultzailearen argitalpenaren 150. urteurrena be bada.

Kontuak kontu, lehenengo berbaldia bihar, zezeilak 5, izango da, '¿Wallace 'versus' Darwin?' izenburupean, Juan Luis Arsuaga Atapuercako indusketen zuzendariordearen eta UCM-ISCIII Eboluzino eta Izakien Portaeren Zentroko zuzendariaren eskutik. Eduardo Angulo EHUko Biologia irakasleak eta Circulo Escepticoko kideak aurkeztuko dau.

Zezeilaren 12an, Francisco J. Ayala hispaniar-iparramerikar biologoak, Kaliforniako Unibersidadeko irakasleak eta Bill Clintonen agintean bere zientzia aholkularia izan zanak 'Darwin y el diseño inteligente: creacionismo, cristianismo y evolucion' hitzaldia eskainiko dau; Juan Ignacio Perez EHUko Filosofiako katedradunak aurkeztuko dau.

Hurrengo hitzordua zezeilaren 19an izango da, 'Evolucion bajo dominio humano en el reino vegetal' berbaldiagaz. Biokimikan eta Biologia molekularrean katedraduna dan Pilar Carbonerok eskainiko dau, eta aurkezpena Felix Goñi EHUko Biokimikako katedradunak egingo dau.

Azkenik, zezeilaren 25ean, 'Charles Darwin: su obra y su mundo' izenburuko hitzaldia eskainiko dau Jose Manuel Sanchez Ron zientziaren historialariak eta hizkuntzalariak. Aurkezpena, Jose Maria Mato CIC bioGUNE eta CIC biomaGUNE-ko zuzendariak egingo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu