Bilboko Udalak Kultura 18 txartela lortzeko 600 bat eskaera jaso ditu

Bizkaie! 2009-01-15 13:42

2009an zehar 18 urte beteten dituenentzako (2.500 inguru) zuzendurik dagoan txartela da eta musika, zinema, dantza edo antzerki ikuskizunetara doban sartzeko aukerea emongo dau.

Aurkezpena egin zanetik hilebete be igaro ez danean, dagoeneko 600 eskaera inguru jaso ditu Bilboko Udalak Kultura 18 txartela eskuratzeko. 2009an zehar 18 urte beteten dituenentzako (2.500 inguru) zuzendurik dagoan txartela da eta musika, zinema, dantza edo antzerki ikuskizunetara doban sartzeko aukerea emongo dau.

Ekimenak izan dauen harrera ona ikusita, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak 180 gazte alkarte, ikastetxe eta udal zerbitzuetara zabaldu dau txartelaren kanpainako informazinoa.

Txartelak Bilbon erroldatutako gazteentzako urtean zehar izango diran 18 ikuskizun kulturaletarako dobako sarrerea eskaintzen dau, eta txartelaren jaube danari beste lagun bat eroateko % 50eko deskontua eskaintzen deutso, beti be txarteldegiko prezioaren gainean.

Ekimen honek gazteriaren artean antzerkia, dantza, opera, musika sinfonikoa edo jazza lako adierazpen kulturalakazko zaletasuna piztea bilatzen dau, biztanlego gazteagazko urrunago dagozan adierazpen artistikoakazko, hain zuzen.

Honenbestez, Kultura 18 txartelaren agenda kulturalean urtarrilerako eta zezeilerako Bilboko Orkestra Sinfonikoaren kontzertuak, Euskalduna Jauregiko Bilboko Udal Musika Bandarenak, opera ikuskizunak (Arriagan programautako ABAO denporaldiko kontzertuak barne), La Bilbainako jazz kontzertuak, Fas Zine Klubeko saioak, La Fundicion aretoko antzerki eta dantza saioak, Musiketan zikloko folk kontzertuak edo eta Bilboko Itsas Museora bisitak eskaintzen ditu.

Txartelaren jaubeek Arriaga Antzokian estreinauko dan 'Cosmetica del enemigo' antzezlanera joateko aukerea be izango dabe; Amelie Nothomb belgiar idazlearen izen bereko eleberrian oinarritutako antzezlana da.

Musiketan zikloaren barruan izango diran Corinne West eta Kirsty McGee abeslariak; Fas zine-klubeko egitarauko John Forden 'Las uvas de la ira' film klasikoa edo Bilboko Orkestra Sinfonikoak eskainiko dauen musika errusiarraren kontzertu klasikoa izango dira, besteak beste, Kultura 18 txartelaren jaubeek doban ikusi ahal izango dituen ikuskizunak. Edozelan be, programazino zehatza, ordutegiak eta horreetara joateko baldintzak www.kultura18.com webgunean dagoz.

2009an 18 urte beteten dituen gazteek aitatu webgunean sartu besterik ez dabe egin behar txartela eskuratzeko, bertan dagoan eskaera-orria betez. Era berean, 010 telefonoan eskatu leikie eta egun gitxiren buruan etxean jasoko dau interesatuak. Baldintza bakarra Bilbon erroldatua egotea eta 2009ko urtarrilaren 1etik abenduarten 31ra bitartean 18 urte betetea da. Datuok Bilboko Udalak baieztatuko ditu eskaerea jasotean, eta beraz ez da izango beharrezkoa dokumentazinorik aurkeztea.

Txartelagaz batera bi txeketegi jasoko ditu eskatzaileak: bata, sarrerakaz aldatzeko baleakaz eta bestea, beragaz doanaren sarrerak eskuratzeko baleakaz, aukeratutako ikuskizunaren % 50 besterik ordainduko dauelarik. Holan, ikuskizun batera doan bakotxean Kultura 18 txartelagaz bakarrik pasau beharko da gaztea leihatilatik, bere NANagaz eta bale horreetako bat aldatu eta bere izenagaz bete beharko dau sarrerea eskuratzeko; lagunagaz joan ezkero, beste balea emon eta lagunak erdia besterik ez dau pagauko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu