Getxoarten 57 artista gaztek parte hartuko dabe aurten
2008-11-26 17:56Danetara, 57 artista gaztek parte hartuko dabe aurtengo Getxoarten, Euskal Herriko arte plastiko eta bisualen sorkuntza barria bultzatzeko eta sustatzeko asmoa dauen ekimenean. Ekitaldia abenduaren 5etik 8ra izango da Areetako Geltokia plazako karpan.
Danetara, 57 artista gaztek parte hartuko dabe aurtengo Getxoarten, Euskal Herriko arte plastiko eta bisualen sorkuntza barria bultzatzeko eta sustatzeko asmoa dauen ekimenean. Ekitaldia abenduaren 5etik 8ra izango da Areetako Geltokia plazako karpan. Bertan, bisitariek hainbat lan izango ditue ikusgai, besteak beste, pinturak, argazkiak, marrazkiak, grabatuak eta ikus-entzunezkoak. Getxoarteren ordutegia honako hau da: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:30era. Sartzeko 2 euro pagau behar dira.
Orain dala zazpi urte sortu zan Getxoarte, Arte Sortu Barrien Aretoa, arte proposamenik gazteenen erakusleiho bilakatzeko eta, era berean sortzaile barriek euren lana ezagutzera emoteko asmoz. Gainera, artista gazteek esperientzia praktikoa dabe Getxoarten eta euren lanetan interesa daben personakaz zuzeneko hartu-emonak izaten ditue, bai publikoko jenteagaz bai sektoreko profesionalakaz be. Esangura horretan, modu natural eta profesionalean, parte-hartzaileek, ezelako traba barik, euren lanak gustuko dituen ikusleakaz komentau leikiez zuzenean.
Abenduko lau egunetan Areetako Geltokia plazea orain arte anonimo izan diran baina etorkizun oparoa daben artisten lanen erakustoki erraldoia izango da. Erakusketeak oso genero desbardinak hartzen ditu: pinturea, eskulturea, argazkia, bideoa, marrazkia, grabatuak...
Getxoarten aukera artistiko guztiak sartzen dira, proiekturik personalenetatik hasita eta taldeko proiektuetaraino. Gainera, euskal arte produkzino garaikidearen orainaren eta etorkizunaren irudi bizia da. Aurtengo partaide gehienek Euskal Herriko Unibersidadeko Arte Ederren Fakultadean ikasten dabe, izan be, Getxoartek lankidetza estua dauka fakultade horregaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!