Bilbok kultura hazkunderako eragile legez daukan zeregina aztertuko dabe Frantzian
2008-11-14 10:10Bilboko Udala Avignongo Foroan izango da datorren astelehenean, zemendiaren 17an. Europako Batasunaren presidentetza frantsesak bultzatutako ekimena Frantziako uri horretako Aita Santuen Jauregian egingo da, EBko politika, ekonomia, kultura eta komunikabideen arloetako 300 lagun ingururen partaidetzeagaz.
Bilboko Udala Avignongo Foroan izango da datorren astelehenean, zemendiaren 17an. Europako Batasunaren presidentetza frantsesak bultzatutako ekimena Frantziako uri horretako Aita Santuen Jauregian egingo da, EBko politika, ekonomia, kultura eta komunikabideen arloetako 300 lagun ingururen partaidetzeagaz. Bilbok kultura hazkunderako eragile legez daukan zeregina aztertuko da, besteak beste, foroan, baita azken hamar urteotan Bilbon mamituz joan dan uri-eraldaketea be.
Avignongo Foroa domekan hasi eta martitzenera arte luzatuko da eta, bertan, denetariko hausnarketak eta eztabaidak egingo dira kultur-inbersinoek ekonomiaren hazkunderako eskaintzen dituten benetako aukeren ganean.
Iñaki Azkuna Bilbok alkateak astelehenean egingo dau berba, 11:30etik aurrera, 'Sorkuntza, hazkundearen eragile' izenburuko mahai-inguruan. Beragaz batera, Jean Nouvel arkitektoak, Philippe Starck diseinatzaileak eta Klaus Wowereit Berlingo alkateak be parte hartuko dabe, besteak beste. Mahai-inguru hori Avignongo Foroan antolatuko dan 'Kultura, krisia eta aurrerabidea' deritxan osoko bilkurearen barruan egingo da.
Bestalde, Azkunak 'Kultura: zelako onurak?' dalako tailerrean parte hartuko dau 'Zelan bihurtu sorkuntza-lanak aberastasun-iturri?' izenburuko eztabaidan, Guggenheim Bilbao Museoak Bilboko uri-eraldaketa prozesuan izandako trakzino-eragina azaltzeko asmoz.
Bilboko Udaleko iturrien esanetan, Avignoneko Foroa 'aukera bikaina' izan daiteke kultur-inbersinoak erraztea helburu daben proposamen zehatzak eta sendoak aurreratzeko.
Paulo Coelho idazlea, Viviane Reding europar komisarioa, Jean-Jacques Annaud zinegile frantsesa, Andoni Luis Mugaritz euskal sukaldaria, Europako Kultura ministro batzuk, Google, Yahoo eta Unesco-ko goi-kargudunak eta politika, arkitektura, arte plastikoak, zinema, ekonomia, komunikabideak, argitaletxeak, sukaldaritza, musikagintzea eta beste hainbat arlotako ordezkariak izango dira Avignonen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!