Hamaika Telebista Bilbo urtarrilean hasiko da emitiduten

Bizkaie! 2008-11-13 12:09

Hamaika Telebista Bilbok urtarrilean emitiduten hasteko asmoa dauka, eguneko 2 orduko programazino propioagaz. Edukiok bertoko informazinoa eta entretenimendua izango dabe oinarri.

Asteon Bilbon egindako jentaurreko ekitaldi jentetsuan iragarritakoaren arabera, Hamaika Telebista Bilbok urtarrilean emitiduten hasteko asmoa dauka, eguneko 2 orduko programazino propioagaz. Edukiok bertoko informazinoa eta entretenimendua izango dabe oinarri. Hamaikak euskaldun eta euskaldun barriei zuzendutako tokiko informazinoaren erreferente bihurtu eta era berean, euskerearen normalizazinorako tresna izan gura dau.

Hamaika Telebistaren egitasmoa orain bi urte sortu zan TDTren lizentzien lehiaketeagaz. Komunikazinoagaz lotutako ondoko sei enpresa honeek apustu sendoa egin eben euskerazko tokiko telebisten alde: Euskaltel, EKT, Berria eta Hitzaren enpresa argitaratzailea, CMN, Deia, Diario de Noticias, Noticias de Gipuzkoa eta Noticias de Alavako enpresa argitaratzailea, EKHE, Gara eta Journaleko enpresa argitaratzailea, BAINET telebista produkzino-etxea eta ELKAR, Edukien enpresea.

Bilbo EAEn zehar zabalduko den 10 tokiko telebisten sare baten lehenengoa izango da. Sare honetan Hamaika Telebistak sortutakoez gan, gaur egun emitiduten daben beste 5 telebistek be parte hartuko dabe. Goiena Telebista, Goierri Telebista, Erlo Telebista, 28 kanala eta Oizmendi Telebista.

Hamaika Telebistak proiektu honetan sozio dauen Ibaizabal alkarteagaz batera, kapital handitzeari ekingo deutso.

Bilbon, Hamaikak Ibaizabal alkarteagaz batera Bilbo Handia Ikus entzunezkoak enpresea sortu dau eta hau izango da Hamaika Telebista Bilboren argitaratze enpresea. Edozelan be, bai Hamaika Telebistak zein Ibaizabal alkarteak, egitasmoa gizarteari eta beste enpresa batzuei zabaldu gura deutse. Kapital handitze honetan, 600.000 eurotara heltzea da helburua eta horretarako 200 eta 1000 euroko akzinoak jarriko dira salgai.

Honezkero telebistak badauka kokagunea; hain zuzen be, Deustuko Botikazarreko eraikin batetik egingo ditu emonaldiak. Datorren hilebeterako dana prest izatea espero da, eta emisino probakaz hasi ahal izatea. Hain zuzen be, Bilbora, Ezkerraldera, Enkarterrira, Uribe-Kostara, Txorierrira, Mungialdera, Hego Uribera, Basaurira, Arrigorriagara eta Galdakaora zabalduko ditu emonaldiak telebista barriak.

Euskerea izango da Hamaika Telebista Bilboren ikur eta ezaugarri nagusia, baina ez bakarra, edukietan be jarri nahi dabelako indarra.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu