Bilboko Udalak aurtengo 'Bilbotar Handi' nortzuk izentauko dituan jakinarazo dau

Bizkaie! 2008-10-21 17:16

Honako honeek dira aurtengo aukeratuak: Jose Luis Marcaida Bilboko Baloreen Burtsako presidentea; Mercedes de Miguel eta Miriam Ocariz diseinugileak; Fito Cabrales abeslari, gitarrista eta konpositorea; eta Yolanda Aberasturi estilistea.

Bilboko Udalak 'Bilbotar Handi' izentauko ditu uriagaz zerikusi handia daben personak eta erakundeak, Bilboren izena leku onean ixteko lan egin daben eta egunero lan egiten dabenak eta edozein lekutara joanda be uriaren izena hareekaz eroaten dabenak.

Honako honeek dira aurtengo aukeratuak: Jose Luis Marcaida Bilboko Baloreen Burtsako presidentea; Mercedes de Miguel eta Miriam Ocariz diseinugileak; Fito Cabrales abeslari, gitarrista eta konpositorea; eta Yolanda Aberasturi estilistea. Bozeramaileen Batzordearen gaurko bileran aurkeztu da 2008ko 'Bilbotar Handiak' aukeratzeko proposamen hau.


Banan-banan

Jose Luis Marcaida Onaindia, abogadua eta ekonomistea, Bilboko Baloreen Burtsako presidentea da 1989tik. Bilbon jaio zen 1937an, eta Deustuko Unibersidadean Zuzenbideko eta Ekonomia Zientzietako lizentziaturak egin zituan. Deustuko Unibersidadean, Komertzialeko irakaslea eta INSIDE graduondoko ikastaroen irakaslea izan da, Finantzak espezialidadean, 15 urte baino gehiagotan. Era berean, Banco de Bilbaoko zuzendari nagusiaren albokoa izan da finantza-zuzendari moduan, Banco Bilbao eta Banco Vizcaya erakundeek bat egin ebenean.

Mercedes de Miguel Heras moda-diseinugilea La Revillan jaio zan, Burgos probintziako herri txiki batean. Euskalduna adopzinoz, 1986an zabaldu eban bere lehenengo moda-enpresea. Lehenengo bildumea M. De Miguel izenagaz kaleratu eban. Orain, Espainian, Japonian, Kuwaiten, Frantzian, Portugalen, Saudi Arabian, Mexikon edota Grezian topau daitekez haren lanak, baita moda ekitaldi nagusietan be, Madrilen, Bartzelonan, Parisen, Alemanian eta Ingalaterran, kasurako.

Adolfo 'Fito' Cabrales Bilboko Zabala auzoan jaio zan eta umezaroaren eta nerabezaroaren zati bat Laredon eta Malagan pasau zituan. Auzo bereko Iñaki 'Uoho' Anton, Juantxu 'Mongol' Olano eta Jesus 'Maguila' Garciagaz bat egin eta 'Platero y Tu' rock taldea sortu eben. Ostean, Fito & Fitipaldis taldea etorri zan, 2001ean. 'Platero y Tu' taldearen rock & rollaren eta Fito & Fitipaldis taldearen blues, jazz eta country nahasketearen arteko desbardintasun nabarmenak gorabehera, Fitok abestietan jorratzen dituan gaiak berberak dira beti: istorio personalak gauaren munduan girotuta, tabernak, drogak eta maitasunak tartean dirala.

Miriam Ocariz bilbotarrak Moda Diseinuko titulua Bilboko Lanca Nazinoarteko Eskolan lortu eban (1990ean), eta gero Arte Ederretan graduau zan, Teknika Grafikoen modalidadean, Euskal Herriko Unibersidadean, 1992an. Ibilbide profesionalean pausu batzuk emon ostean, bakarkako lehenengo bildumea 1996an aurkeztu eban, Bartzelonako Gaudi Ibiltokian. Ordutik, nazinoko eta nazinoarteko azoka eta ibiltokietan parte hartu dau

Yolanda Aberasturi Bilbon jaio zan eta 20 urte baino gehiago egin ditu ile-apainketa sektorearen barruan. Lehenengo apaindegia 1993an zabaldu eban eta, egun, apaindegi bi ditu Bilbo erdialdean eta beste bat Areetan. Erreferentzia-puntua da modan eta edertasunean, eta bere eskuetatik herrialdeko emakumerik garrantzitsuenen buruak pasau dira, besteak beste, Isabel Preysley, Nati Abascal, Maribel Verdu, Paula Vazquez eta Carla Royo Villanova.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu