Elhuyar Fundazinoak hizkuntza-baliabideak, tresnak eta zerbitzuak on line jarri ditu

Bizkaie! 2008-07-16 18:07

Helburua da hizkuntzalari profesionalentzat zein gizartearentzat, oro har, web gune bakar batean batzea Elhuyarrek eskaintzen dituan hizkuntza-baliabideak eta tresnak.

Gaur eguerdian aurkeztu da www.elhuyar.org/hizkuntza-zerbitzuak web gunea Donostiako Liburutegi Nagusiko Sotoan. Web gune barri horren bidez, hizkuntzalariek, irakasleek, teknikariek eta, oro har, gizarteak Internet bidez ikusgai izango dabe Elhuyar Fundazinoak hizkuntza zerbitzuen arloan lantzen dituan proiektu, zerbitzu eta produktuak. Elhuyarrek eskaintzen dituan zenbait zerbitzu eskuratu ahal izango ditu erabiltzaileak Internet bidez, besteak beste, hiztegi-kontsulta eleaniztuna, hiztegien plugin-ak deskargau, eskuko telefonorako euskara-gaztelaniazko hiztegi murriztua eskuratu, hizkuntza-kontsultak egin…

Erabiltzaileek parte hartzeko modua be izango dabe, Hizkuntza Zerbitzuen blogaren bitartez. Josu Aztiria Elhuyar Fundazinoko Hizkuntza Zerbitzuak saileko arduradunak adierazo dauenez, helburua da hizkuntzalari profesionalentzat zein gizartearentzat, oro har, web gune bakar batean batzea Elhuyarrek eskaintzen dituan hizkuntza-baliabideak eta tresnak. Baliabide eta tresna horreek, gainera, Elhuyarren hogeita hamasei urteko ibilbide profesionalaren ondorio dira, bai eta hogeita hamabost lagunek osotzen dabenn lantaldearen lanaren isla be.

Elhuyar Fundazinoko I+G+B sailean egiten diran ikerketek be leku berezia izango dabe web gunean. Martxan jarritako ikerketa-ildo eta proiektuen informazinoa emongo dau web guneak, eta argitaratutako artikulu guztiak kontsultagai jarri dira. Horrezaz gan, ikerketa-proiektuen emoitza diran baliabide eta tresnetara sarbide zuzena egongo da atari honetan:

· Zientzia eta Teknologiaren Corpusa: oraintsu handitu da, eta kontsulta aukera zabalagoa eskaintzen dau.
· CorpEus: Internet euskerazko corpus gisa kontsultau eta ustiatzeko tresna.
· OpenTrad: kode edegiko itzultzaile automatikoa.
· Elebila: euskerazko bilatzailea.

Laster, gainera, lexiko eta terminologia-erauzketarako web zerbitzu bat jarriko da martxan: ItzulTerm.

Azkenik, Itziar Nogeras Elhuyar Fundazinoko zuzendari nagusiak aurreratu dauenez, Elhuyar Fundazinoaren web gune korporatibo barri bat jarriko dau Elhuyarrek urte honetan bertan, eta, han, Elhuyar Fundazinoaren beste ardatza dan Zientziaren Komunikazinoaren jarduna be sareratuko da. Horixe baita, hizkuntzearen normalizazinoaz gan, Elhuyar Fundazinoaren helburua.

Proiektu hau Eusko Jaurlaritzearen Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzeak diruz lagundu dau, eta web gunean eskaintzen diran hainbat baliabide eta tresna be diruz lagundu izan ditu.


Informazino gehiago:

Elhuyar Fundazinoa
Tel.: 943 36 30 40
www.elhuyar.org

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu