Bilboko Udal Liburutegi Sareak handitu egin dau dobako wi-fi konekzinoen eskaintzea

Bizkaie! 2008-07-08 15:01

Zerbitzu hau Bidebarrietako Liburutegian baino ez zan eskaintzen orain arte, baina hemendik aurrera Deustu, Begoña, Zorrotza, San Frantzisko, Errekalde, Otxarkoaga eta Zurbaranbarriko liburutegietan be erabili ahal izango da. Udal zentro honeetan guztiotan, erabiltzaileek Interneten doban eta mugarik barik nabegetako aukerea izango dabe.

Bilboko Udal Liburutegi Sareak handitu egin dau Wireless Fidelity (Wi-Fi) estaldurea eskaintzen daben zentroen eskaintzea. Teknologia honek Interneterako haribako sarbidea errazten deutse ordenagailu personalei. Zerbitzu hau Bidebarrietako Liburutegian baino ez zan eskaintzen orain arte, baina hemendik aurrera Deustu, Begoña, Zorrotza, San Frantzisko, Errekalde, Otxarkoaga eta Zurbaranbarriko liburutegietan be erabili ahal izango da. Udal zentro honeetan guztiotan, erabiltzaileek Interneten doban eta mugarik barik nabegetako aukerea izango dabe.

Zerbitzua erabilteko moduan egongo da zortzi liburutegi honeetara Wi-Fi konekzinoa daben ekipoak daroezan guztientzat, ordenagailu portatilak, PDA agenda digitalak, hirugarren belaunaldiko eskuko telefonoak eta abar tarteko dirala. Udal zentro horreetan erabilgarri dagoan haribako konekzino kopurua 70etik gorakoa da, eta ondorioz, jenterik gehien dagoan momentuetan, erabilera-denporea mugatuko da, zerbitzurako sarbidea ahalik eta jente gehienari errazteko asmoz.

Bilboko Udal Liburutegi Sarearen ekimen hau teknologia barrietara egokitzea helburu dauen modernizazino prozesuaren barruan gauzatu da, informazino-bilaketeari, ikerketaeri eta ikasketeari jagokezan zereginak hobetzeko asmoz. Wi-Fi konekzinoen osogarri, bestelako zerbitzu birtualak be erabil daitekez Liburutegi Sarearen webgunean: http://www.bilbao.net/bibliotecas

Udal liburutegien webgunean sartuz diran baliabideen artean, erabiltzaile-karneta eskatzeko inprimakia euskeraz, gaztelaniaz eta beste zazpi hizkuntzatan egiteko aukerea nabarmen daiteke: arabieraz, ingelesez, frantsesez, errusieraz, errumanieraz, portugesez eta txineraz. Horrezaz gan, webgune honen bitartez, Udal Liburutegien Sareko katalogo osoa erabil daiteke, baita maileguak on line kontsultau eta barritu, liburuak erosteko eskabideak bilaldu edota liburutegi-arteko maileguak eskatu be, beste hainbat zerbitzugaz batera.


Didakteka

Didakteka da teknologia barriak udal liburutegietan erabili eta zabaltzearen ondorioz garatu dan beste zerbitzu bat, guztiz dobakoa eta autoprestakuntza eta banakako lana helburu dituana. Zerbitzu honek programa ofimatikoetarako (Word, Excel, Access, etab.), Interneterako eta kontsultarako zenbait CD-ROMetarako sarbidea daben ordenagailuak jarten ditu interesatutakoen esku.

Didakteka zerbitzua Bidebarrieta, Bilbao Musika, Begoña, Deustu, Otxarkoaga, San Frantzisko, San Ignazio eta Zorrotzako liburutegietan erabil daiteke. Ekipoak erabilteko derrigorrezkoa da aldez aurretik erreserbea egitea, eta horretarako nahikoa da zentroetan eskaria egitea edota (Bidebarrietaren kasuan) 94 415 50 54 telefono zenbakira deitzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu