Ia 280.000 puntu kendu ditue EAEn puntukako gidabaimena indarrean jarri zanetik

Bizkaie! 2008-07-07 10:57

Arau-hauste zigortuena eta puntu-galera handiena eragin dauena gehiegizko abiadurea izan da, azken bi urteotan gidariek arrazoi horregaitik 172.500 puntu baino gehiago galdu dituelako. Bigarren portaera zigortuena uhala, kaskoa eta segurtasun-elementuak ez erabiltea izan da.

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzearen behin-behineko datuen arabera, 2006ko garagarrilean puntukako gidabaimena indarrean jarri zanetik gaur egun arte, Ertzaintzak 118.000 espediente zabaldu ditu euskal errepideetan dabiltzan gidarien kontra eta horrek 279.791 puntu galtzea ekarri dau.

Arau-hauste zigortuena eta puntu-galera handiena eragin dauena gehiegizko abiadurea izan da, azken bi urteotan gidariek arrazoi horregaitik 172.500 puntu baino gehiago galdu dituelako. Bigarren portaera zigortuena uhala, kaskoa eta segurtasun-elementuak ez erabiltea izan da; danetara, 26.169 puntu kendu ditue arrazoi horrengaitik. Horreen atzetik alkohola eta sorgorgarriak hartzea dator, 24.890 puntu galtzea eragin dauena. Amaitzeko, gidariek eta erabiltzaileek portaera-arauak ez betetearen eraginez 22.481 puntu kendu ditue.

Heriotza-taseari buruzko datuei jagokenez, EAE osoan beheranzko joera nabaria dagoala ikus daiteke, Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoa 2007-2008ri esker. 2003an 207 persona hil ziran bide-ezbeharretan, eta ordutik aurrera tasak behera egin dau joan zan urtean izandako 108 heriotzetara heldu arte. Larri zaurituen artean joera oso antzekoa da; 2003an, 1.371 zauritu izan ziran, eta joan zan urtean, barriz, 891.

Oro har, 2000-2006 epean EAEko uriarteko bideetan urteko batez bestekoa 140koa da, eta larri zaurituena, ostera, 771koa. Kopuru horreek azken bi urteetakoakaz konparetan badira, apueka-apurka behera egin dabela ikus daiteke.

Horrela, adibidez, puntukako gidabaimena indarrean jarri eben lehenengo urtean hildakoen kopurua 81ekoa izan zan, eta larri zaurituen zenbatekoa 507raino jaitsi zan. Bigarren urtean, barriz, hildakoen zenbatekoa 77koa izan zan, eta 413 zauritu larri egon ziran. Gidabaimen barria abian jarri zanetik, hildakoen batez bestekoak 62 hildakotan egin eban behera. Larri zaurituen batez bestekoak, ostera, aurreko urteetako batez bestekoak baino 312 zauritu gitxiago izan zituan.

Orokorrean, zirkulazino-istripuetako hildakoen kopurua murriztu egin da Europako herrialde guztietan; halan da be, desbardintasun nabariak dagoz estaduen artean. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saileko Trafiko Zuzendaritzearen estadistika-datuen arabera, 2006an, Europar Batasuneko batez bestekoagaz konparauta, EAEkoa 19 puntu azpitik dago, eta Espainiako Estadukoa baino 27 puntu azpitik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu