Basque Research webguneak VI. Tesi Saria jarriko dau martxan maiatzaren 1ean

Bizkaie! 2008-04-21 15:28

Helburua ikertzaile gazteek egiten dituen lanak gizarteratzea eta saritzea da. Parte-hartzaileek 2007an aurkeztu eta gainditutako zientzia edota teknologiako doktore-tesiaren laburpen bat bialdu beharko dabe.

Elhuyar Fundazinoaren Basque Research webguneak (www.basqueresearch.com) VI. Tesi Saria jarriko dau martxan maiatzaren 1ean. Helburua ikertzaile gazteek egiten dituen lanak gizarteratzea eta saritzea da. Parte-hartzaileek 2007an aurkeztu eta gainditutako zientzia edota teknologiako doktore-tesiaren laburpen bat bialdu beharko dabe, beti be Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako Foru Erkidegoko eta Ipar Euskal Herriko edozein unibersidadetan aurkeztutakoa.

Sariketa honen helburua doktore-tesien laburpenak modu erakargarri eta ulergarrian gizarteratzea da; hori dala eta, 'epaimahaiak ez dau tesia bera epaituko, egilearen dibulgazino-ahalmena baino', adierazo dabe Elhuyar Fundazinoko iturriek.

Laburpenak ez dira 3.000 karaktere baino gehiago izan behar, eta argazkiak edo irudiak be bial daitekez. Euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez aurkez daitekez lanak, eta baita hizkuntza batean baino gehiagotan, danak argitaratuko baitira. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 30ean amaituko da, eta bagilaren 2tik aurrera egongo dira ikusgai laburpen guztiak Basque Research webgunean. Oinarriak honezkero www.basqueresearch.com helbidean dagoz.

Hiru sari banatuko dira, danak Eroskiren eskutik: sari nagusia, bigarren saria eta aitamen berezia, euskerazko jatorrizko laburpen onenari jagokona. Sari nagusia eskuratzen dauenak ordenagailu eroangarri bat jasoko dau; bigarren saria irabazten dauenak argazki-kamera digital bat; aipamen bereziaren irabazleak MP4 irakurgailu bat irabaziko dau. Ganera, irabazle guztiek bi lagunentzako asteburu bana jasoko dabe Euskal Autonomia Erkidegoko landetxe batean.

Epaimahaia bost personez osotuta egongo da, danak zientzia edo teknologia-ikasketak egindakoak eta dibulgazinoan adituak. Epaimahaiak erispide honeek izango ditu kontuan lanak ebaluetako garaian: egilearen laburtzeko ahalmena; azalpenen zuzentasuna eta erakargarritasuna; gaia azaltzeko gatxa dan ala ez; eta izenburuaren erakargarritasuna. Bagilaren 16an jakinarazoko da nortzuk diran VI. Tesi Sariaren irabazleak. Sariketa honek Euskal Herriko Unibersidadearen babesa dauka.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu