Artium Fundazinoak arte garaikideen inguruko sorkuntza eta ikerketarako beken deialdia zabaldu dau

Bizkaie! 2008-04-18 16:27

Bekea artista, ikasle, ikertzaile, komisario eta artearen kudeatzaileei zuzenduta dago, 44.000 euroko ordainsariagaz. Sei hilabeteko iraupena izango dau.

Arabako Artium Fundazinoak arte garaikideen inguruko sorkuntza eta ikerketarako beken deialdia zabaldu dau. Bekea artista, ikasle, ikertzaile, komisario eta artearen kudeatzaileei zuzenduta dago, 44.000 euroko ordainsariagaz. Sei hilabeteko iraupena izango dau.

Deialdiak Euskadin zein Euskaditik kanpo proiektuak garatzeko lau beka emotea aurreikusten dau eta honezkero bi martxan dagoz. Ganera, beka bi Arabakoak ez diran baina proiektua hemen garatuko daben gizon-emakumeei zuzendurik dagoz.

Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoko hiru personak eta kanpoko beste bik osotuko dabe hautapen batzordea. Oraingoan, kanpokoak Gloria Picazo Lleidako Centre d'Art La Paneraren zuzendaria eta
Oliva Maria Rubio Madrilgo La Fabrica-ko erakusketen zuzendaria izango dira.

Agiriak aurkezteko azken eguna bagilaren 16a da eta bekearen oinarriak Artiumen edota www.artium.orgwebgunean jaso daitekez.

Bekak, banan-banan

Araban jaio zein bizi diran artista eta ikasleentzako programearen lehenengo bekeak Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo, batez be atzerrian, ikerketa zein sorkuntza proiektu bat garatzeko aukerea emongo du, eta 13.500 euroko ordainsaria izango dau.

Bestalde, 7.500 euroko beste beka bat, hori be Arabako lurraldean jaio zein bizi diranentzat, aurrekoaren antzeko beste proiektu bat garatzeko emongo da, baina Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan. Ganera, 4.000 euroko beste bi laguntzak arabar artista eta ikasleei zuzenduta dagoz, honezkero martxan jarrita edo garatzen hasita dagozan proiektuak finantzatzen laguntzeko.

Ganerako bek biak, bakotxa 7.500 eurokoa, jatorria edozein izanda be euren proiektuak lurralde historikoaren barruan garatu gura dituen gizon-emakumeei zuzenduta dagoz. Lehenengoak sorkuntza zein ikerketa proiektu bat egiteko aukerea emango deutso artista bati zein ikasle bati; bigarrena, ikerketa kuratorialeko proposamen bat
garatzeko da. Beka horreen hartzaileek, gura izan ezkero, Artiumen egon ahal izango dira egoiliar legez.

Hautaketa batzordeak ahalmena dau proposamenek behar besteko kalidaderik ez dabela uste izan ezkero, bekea ez emoteko, eta baita diru sariak batean batu zein askoren artean banatzeko be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu