Getxok 33 kilometro bidegorri izango ditu 2011. urtean

Bizkaie! 2008-04-18 11:32

'Bizikletearen erabilera praktikoa eta egunerokoa ahalbidetuko da ganerako garraiobideen benetako alternatiba moduan, Europan dagoeneko bizi-bizi dagoan bizikletearen kultureagaz bat egitea dauelarik jomuga’, Imanol Landa alkateak esan dauenez.

Getxok 33 kilometro bidegorri izango ditu 2011. urtean, Imanol Landa alkateak eta Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak aurkeztu daben 2008-2011ko Bidegorrien Plan Bereziaren aurrerapenean jasoten danez. Plan horretan batzen da herria bizikletaz zeharkatzeko aukerea eta 21 ikastetxetara, zazpi kirol gunetara, sei metro geltokietara eta herriko plaza nagusietara heldu ahal izango da. Bertan jasoten da etorkizunean Andra Mariko uri-diseinura atuko diran proposamenak.

‘Salto kualitatiboa izango da egitasmo hau Getxorentzat, bizikletea, gehienbat, jolas edo aisialdirako erabiltetik, garraiobide jasangarri eta ekologikoa, alternatiboa, izatera igaroko dalako, beste modu batez erabiliko dalako, berbarako, lanera, ikastetxera, erosketak egitera edo etxeetara joateko; hau da, bizikletearen erabilera praktikoa eta egunerokoa ahalbidetuko da ganerako garraiobideen benetako alternatiba moduan, Europan dagoeneko bizi-bizi dagoan bizikletearen kultureagaz bat egitea dauelarik jomuga’, Landak esan dauenez.

Bidegorri sarearen ibilbidearen aurrerapena itxuratzeko, Getxoko Udalak alkarrizketak izan ditu Leioako Udalagaz (Leioagaz lotzeko Erromotik) eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz (bere eskuduntzen esparrukoa dan kostaldeko bidegorrirako). Proposatutako aurrerapenean, 16 kilometro bidegorri Getxoko Udalak egin behar ditu eta beste 4,2 kilometro Foru Aldundiak. Guztiak egun dagozanei gehitu behar jakez.

Planaren aurrerapenean jasoten dan ibilbidearen zati bat datozen hilebeteetan egingo da, datorren astelehenean hasiko diran Errekagane parkeko zaharbarritze lanetan aurreikusten baita bidegorri bat egitea, Leioagaz lotzeko Luis Lopez Oses kalean izango danaz gan. Era berean, Gobernu Taldeak 2008an 300.000 euro bideratuko ditu bidegorri sare barriagaz aurrera egiteko asmoz, aurrerapena izateari itxi eta behin betiko egitasmoa bihurtu ostean.

Hain zuzen be, Getxoko Udalaren asmoa da proposamenari buruzko eretxia, batetik getxotarrek eta bestetik garraiobide jasangarriagaz eta bizikleteagaz lotuta dagozan gizarteko eragileak agertzea. ‘Udalerriko auzokideek be proiektuan parte hartzea nahi dogu’, azaldu dabe Landak eta Arregik.

Horretarako, hilebete bateko epean informazinoa emoteko planaren aurrerapena honako tokietara bialduko dau Getxoko Udalak: udalerriko herri ikastetxeetara eta ikastetxe pribatuetara, alkarte ekologistetara, Getxo Enpresa eta Merkataritza Alkartera, Herritarrak Artatzeko Bulegoetara eta Gazte Bulegora.

Proposatutako ibilbideari buruzko eretxia jaso nahi dogu eta baita erabagi gatxak hartzera behartuko dituen gai batzuetarako aukerak be, esate baterako bizikletak eta oinezkoak eta bizikletak eta autoak alkarregaz ibili ahal izateko’, zehaztu dau Landak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu