Guggenheimeko finantza zuzendaria kaleratu dabe 'irregulartasunak' dirala eta

Bizkaie! 2008-04-16 18:21

Roberto Cearsolo Barrenetxeak ia 500.000 euroko iruzurra egin dauela onartu deutso Guggenheim Museoko zuzendari Juan Ignacio Vidarteri. Bialdutako gutunean, 251.900 euroko txekea be bialdu eta gehienez hiru hilebeteko epean ganerako dirua bueltauko dauela agindu dau.

Roberto Cearsolo Barrenetxea Guggenheim Bilbao museoko Administrazino eta Finantza zuzendaria kaleratu dabela iragarri dau Juan Ignacio Vidarte museoko zuzendariak. Bilboko Arte Garaikideko soziedadean 'finantza eta kontabilidade arloetan egindako irregulartasunak dirala eta' kaleratu dabe Cearsolo, Vidartek jakinarazo dauenez.

1997tik erakundeko Administrazino eta Finantza zuzendaria zan Cearsoloren kontra salaketea jarri dabe Bilboko Instrukzino Epaitegian. 'Museoak hainbat ekimen hasi ditu zuzenean eragiten deutson arazo bati aurre egiteko, Cereasolo zuzendariaren konfiantzakoa zan eta', esan dau zuzendariak.

Erakundeak kanpoko ikuskaritza firma bati 'Ikerkuntza Txosten berezi' bat eskatu deutso, soziedade bien jarduerak berrikusteko.

Kronologia

Vidartek azaldu dauenez, apirilaren 3an Cearsolo bajan egoan, gaixorik egoalako, eta Finantza Zuzendariordeak bialdu zituan Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako txostenak.

Hurrengo egunetan, lehenengo irregulartasunak topau zituzen kontabilidadeko informazinoan eta soziedadearen artxiboan.

Apirilaren 8an, museoko zuzendaritzeak abogaduei jakinarazo eutsiezan antzemondako irregulartasunak.

Apirilaren 11n, Roberto Cearsolok gutun bat bialdu eutson museoko zuzendariari, abogaduaren bitartez. Gutun horretan, 1998tik orain arte 486.978,38 euro 'hartu' dituala autortzen dau Cearsolok. Gutunagaz batera, 251.900 euroko txekea bialdu eta 'hartutako diruaren ganerako zatia hiru hilebeteko epean baino lehenago' bueltauko dauela dino.

Bestalde, Miren Azkaratek Legebiltzarrean azalpenak emon gura dituala jakinarazo dau; Josune Ariztondok be agerraldia egingo dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu