Polemikea sortu da Zornotzako 'Patata' eskulturearen inguruan

Bizkaie! 2008-04-16 11:32

Andres Nagel 'Patata' ospetsuaren egileak Amorebieta-Etxanoko Udala salatu dau ingurua barritzeko proiektuan eskulturea kentzeagaitik. Auzia epailearen erabagiaren zain geratu da.

Amorebieta-Etxanoko Udalak orain dala bost urte eskatu eutson Andres Nagel artisteari eskultura bat egiteko. Artisteak 'Patata' izenez ezaguna dan brontzezko lana egin eban.

Orain, Amorebieta-Etxanoko Udalak ingurua barriztau eta oinezkoentzako jarri gura dau. Aldaketa hori dala eta, Udalaren esanetan, proiektuan eskultureak ez dauka lekurik. Halanda be, ohartarazo dau berrantolatze proiektua ez dala behin betikoa eta azken erabagia oraindino hartu barik dagoala.

Proiektua egin daben arkitektoek adierazo dabe erabarritzearen ostean Nagelen eskulturea ez litzatekela inguruagaz bat etorriko.

Eskultorearen abogaduak, bestalde, esan dau ez dagoala 'Patata' lekuz aldatzeko ezelako interes publikorik eta, honezkero, proiektuko aurrekontuan sartu dituala lana dagoan lekutik kendu eta leku barrira eroateak sortuko dituan gastuak.

Nagelek, barriz, eskulturea dagoan lekurako berenberegi sortu ebala eta eskultureak beste inon egon behar ez dauela esan dau.

Honezkero, gatazkearen alderdi biak epailearen aurrean izan dira euren jokabidea defendiduteko.

Epaitegi berean epaitu zan Bilboko 'Calatrava' kasu ospetsua. Orduan, erabilera publikoak irabazi eutson interes estetikoari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu