Gernikako kartzela-ospitale militarrean hildako 270 presoak lehenengoz omenduko ditue

Bizkaie! 2008-04-10 17:55

Kultura sailak eta Gernikazarra historia taldeak ekitaldi bereziak antolatu ditue apirilaren 11, 12 eta 22rako.

Gernika-Lumoko kartzela-ospitale militarraren 70. urteurrena dala eta (1938ko bagiletik 1940ko maiatzera arte egon zan zabalik), Kultura sailak eta Gernikazarra historia taldeak ekitaldi bereziak antolatu ditue hilebete honetarako. Kultura zinegotzi Ekain Ormaetxeak jakinarazo dauenez, 'egun Institutua dagoan lekuan kokaturiko kartzela-ospitale militarrera Asturias, Santander, Burgos eta Bilboko kontzentrazino eremuetatik bialdutako persona zaurituak eta Belchite, Teruel eta Bruneteko frenteetako gaixoak bidali zituen. Bertan bizi-baldintza oso txarretan euki zituen eta, danetara, 270 hil ziran. Eurak omendu gura doguz oraingoan, memoria historikoak bizirik jarrai dagian'. Gernikazarrako Vicente del Palacio eta Jose Angel Etxanizek ospitalearen ganeko ikerkuntza lana egin eta 2002an Kataluniako Generalitataren aldetik saria jaso eben. Orain, historiaren zati hau herritarren artean zabaldu gura dabe.

Ekitaldiei apirilaren 11n, barikua, emongo jake hasierea. Goizeko 9:00etan hasi eta 11:00ak arte, ikastetxe guztietako DBHko bigarren zikloko ikasleei zuzenduta, 'La vida es bella' pelikulea eskainiko da, txanda bitan, Lizeo antzokian. Film luze honen bitartez, kontzentrazino guneen ganeko informazioa gazteei helarazo gura jake. Horrezaz ganera, honezkero bialdu ditue ikastetxeetara ospitale militarrari buruzko power point-a eta dokumentazinoa, gelan lantzeko.

Apirilaren 12an, zapatua, goizeko 11:00etan eta 13:00etan, Turismo Bulegoak antolatutako bisita gidatuak egongo dira. Bonbardaketearen ganeko informazinoa zabalduko da eta geldiune bereziak egingo dira Institutuan eta Kanposantuan. Arratsaldeko 17:00etan, hilerrian ekitaldi berezia egongo da. Bertan, Udal ordezkariek hildakoen 270 izenak jasoten dituan plaka bat inaugurau eta manifestu instituzionala irakurriko dabe. Gernikazarrako kideek manifestu historiko bat irakurriko dabe eta bost hizkuntzatan idatzitako triptiko bat banatuko da. Ekimenean parte hartu gura daben herritarrentzako udaletxeak autobusak jarriko ditu. Arratsaldeko 16:30ean urtengo dabe udaletxe aurretik, hilerrirantz.

Azkenik, apirilaren 22rako, eguena, 'Bake Leku' txokoaren laguntzinoagaz, berbaldi bat izango da Elai Alai aretoan. Vicente del Palacio Gernikazarrako kideak kartzela-ospitealaren ganean egingo dau berba eta Paco Etxebarria Aranzadi taldeko kideak hobiratze komunak izango ditu berbagai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu