Hiru sortzailek ahotsa jarriko deutse Bidebarrieta Kulturgunean herri ipuin eta kondairei

Bizkaie! 2008-04-10 14:15

‘Letrak elurretan’ izeneko ekimen honek eutsi egiten deutso Leongo herrietan eta Asturias eta Galiziako eskualde batzuetan egiten ziran filandon edo su-bazterreko bileren espirituari.

Bidebarrieta Kulturgunea literatur topaketa berezi baten eszenatoki bihurtuko da bihar, barikua, hilak 11, 20:00etan hasita, eta bertan, Juan Pedro Aparicio, Luis Mateo Diez eta Jose Maria Merino idazleek Leon aldeko Filandona izeneko tradizinoa berreskuratuko dabe. Everest argitaletxea eta Bilboko Hogar Leonesegaz lankidetzan antolatutako ekitaldia, Leongo tradizino hau zabaltzeko eratu diran zazpi ekitaldietako (bost ekitaldi Espainiako urietan eta beste bi New Yorken eta Mexico DFn) lehenengoa izango da.

‘Letrak elurretan’ izeneko ekimen honek eutsi egiten deutso Leongo herrietan eta Asturias eta Galiziako eskualde batzuetan egiten ziran filandon edo su-bazterreko bileren espirituari. Auzokoak zenbait etxetako sukaldeetan batzen ziran, su-bazterreko epelean goxo-goxo, herriko ipuin eta kontu zaharrak kontetako. Berbea eta emozinoak transmitiduteko gaitasuna beste baliabiderik ez ebela, kontalariek negu gordineko gauak alaitzen eutsiezan gizon-emakumeei eta umeei, eta honeek, ipuinak entzuten zituen bitartean, goruetan egiten eben eta zumea txirikordatze lanak egiten zituen.

Leongo aspaldiko tradizino hau ezagutu eta konpartiduteko aukerea eskaintzeaz gan, ‘Letrak elurretan’ ekimenari esker, Espainiako hiru idazle ezagunenetakoak kontu-kontari entzun ahal izango dira. Juan Pedro Aparicio (Leon, 1941) zenbait narrazino libururen egilea da, baina horregaz batera, 1986ko Literatura Sari Nazionalean finalista geratu zan. ‘El año del francés’ eta 1989ko Nadal Saria irabazi eban ‘Retratos de ambigú’ eleberriak idatzi ditu. Leonen be jaioa dan Luis Mateo Diez (Leon , 1942) ipuingile ezaguna da, eta 2000. urtean Narratiba Sari Nazionala irabazi eban ‘La ruina del cielo’ lanari esker, baita 1986ko Literatura Sari Nazionala eta Kritikaren Saria be ‘Fuente de la edad’ liburuagaitik.

Horreekaz batera, Hizkuntzearen Errege-Akademiako (RAE) kide izentau barri daben Jose Maria Merino (A Coruña, 1941) galegoak be filandon literario honeetan parte hartuko dau. Olerkigintzan eta eleberrigintzan jardun dauen arren (1986an Kritikaren Sari Nazionala irabazi eban ‘La orilla oscura’ lanari esker), baita kazetaritza-artikuluetan eta saiakeran be, ipuin eta mikroipuinakaz egin da ezagun.

Everest argitaletxearen 50. urteurrena ospatzeko antolatutako filandon literario honeek jarraipena izango dabe Madril, Zaragoza, Oviedo, Leon, New York eta Mexiko DFn. Bilbokoak ekitaldiei hasierea emoteaz gan, zubiarena egingo dau Bilboko Hogar Leones izenekoak datorren astean Bidebarrietako Liburutegian abiarazoko dituan literatur topaketakaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu