Maiatzaren 23an amaituko da XX. Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietara lanak aurkezteko epea
2008-03-31 19:10Urtez urte euskerazko kazetaritzearen kalidadea, bikaintasuna eta barrikuntzea bultzatzea dira Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien helburuak.
Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien 20. edizinoa aurkeztu dabe gaur, Donostian. Aurten hiru izango dira sariak: bata, Sari Nagusia, Xabier Laka eskultorearen garaikurraz eta 9.000 euroz hornidua; bestea, Kazetari Barria deiturikoa, garaikur eta 3.000 euro garbiz saritua; hirugarrena, Epaimahaiaren Sari Berezia deiturikoa eta 4.000 euroz hornidua dagoana. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 23an amaituko da, eta lan bakotxeko seina kopia bialdu behar dira Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzura.
Aurkezpen ekitaldian egon dira, besteak beste, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Petri Romero Andoaingo Udaleko Hizkuntza Normalkuntzarako batzordeburua eta Nekane Goikoetxea Andoaingo Udaleko Euskera teknikaria eta epaimahaiko idazkaria.
Epaimahaiaren Sari Bereziari jagokonez, Sari Nagusirako hautagaien artetik, epaimahaiak bereziki saritu nahi dauen erispide jakin bati jarraituz emongo da. Edizino bakotxean osotzen dan epaimahaiak aukeratuko dau zein erispide nabarmendu nahi dauen. Azken erabagian argituko dau epaimahaiak zein erispideren arabera emon dauen bere Sari Berezia.
Era berean, euskal kazetaritzearen historian ezinbesteko erreferentzia izan diran erakunde, ekimen eta personei Ohorezko Aitamena egiteko aukerea be autortzen jako epaimahaiari.
Bestalde, antolatzaileek gogoratu dabe ezinbestekoa dala hautagaitzea aurkeztea gazteen sariari jagokonean. Hori, autoreek, komunikabideek edota sariaren helburuakaz zerikusia dauen edozeinek egin leike. Beraz, berenberegi dei egin deutse kazetari gazteakaz lanean ari diran hedabide nahiz personei gazteen lanak aurkez daiezan. Kazetari Barria atalera aurkeztu ahal izango dira 27 urtez azpiko kazetariak.
2007ko maiatzaren 16tik 2008ko maiatzaren 15era bitartean egunkari eta aldizkarietan edo irrati eta telebistetan euskeraz plazaratu izan diran lanek, zein aitatu epe eta komunikabide horreetan kazetaritza-lanak plazaratu dituenek dabe saria eskuratzeko aukerea. Ez dauka genero mugarik.
Urtez urte euskerazko kazetaritzearen kalidadea, bikaintasuna eta barrikuntzea bultzatzea dira Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien helburuak. Aurtengo sarituen barri bagilaren 28an izango da, Andoaingo Udaleko Bastero Kulturgunean egingo dan ekitaldian bertan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!