Gernika-Lumoko Udal liburutegiak urte osorako programazinoa antolatu dau
2008-03-31 15:17Irakurzaletasuna bultzatzea da programazinoaren helburu nagusia eta maiatzean emongo jako hasierea. Ekimenak 4-12 urte bitarteko umeei zuzenduta dagoz.
Irakurzaletasuna bultzatu eta liburutegia ezagutzera emoteko asmoz, Gernika-Lumoko Udal liburutegiak, lehenengoz, urte osorako programazinoa preparau dau. Kultura saileko Ekain Ormaetxea zinegotziaren esanetan, 'Gernika-Lumoko Kultur Etxean gure Udal liburutegiak izan behar dauen garrantzia ikusirik, bertan antolatu beharreko ekimen propioak abiarazoteko beharra igarri dogu'. Ormaetxeak dino 'programazino barriaren arrakastea lortzeko, beharrezkoa dogu gaztetxuen, ikastetxeen eta gurasoen parte hartzea'.
Hiru ekimen antolatu dira datozan hilabeteotarako. Alde batetik, 'Liburutegia eskoletara' deritxan programea antolatu da, 4-6 urte bitarteko umeei zuzendutakoa. Ekimen hori eskoletan egingo da maiatzaren 5etik 30era bitartean. Liburutegia zer dan erakutsiko jake ikasleei, hau da, liburuak zer diran edota zelan gozau irakurten. Udalerriko ikastetxeek apirilaren 18ra arte dabe zabalik izena emoteko epea ekimenean parte hartzeko.
Bestalde, 'Tailerrak' izeneko ekintza antolatu da, 6-12 urte bitarteko umeei zuzendutakoa. Ekintza hori liburutegian bertan egingo da, hileko bigarren zapatuetan, goizeko 11:30etik 12:30era. Apirilaren 12an egingo da 'Liburutegiko gida ilustratua' izeneko lehenengo tailerra. Izena emoten daben umeek, jasoko daben informazinoari esker, liburutegia zer dan definiduko dabe. Bigarren tailerra, 'Idazketa tailerra', maiatzaren 10ean egingo da, ipuin bat osotzeko helburuagaz. Partehartzaile bakotxak ipuinaren zati bat asmau eta idatziko dau. Bagilaren 14an, 'Txotxongilo tailerra' antolatuko da eta gaztetxuek aurretiaz asmautako ipuina antzezteko aukera parebakoa izango dabe. Udan ez da tailerrik izango. Udaostean, urriaren 11n, zemendiaren 8an eta abenduaren 13an, 'Ipuin kontalaria', 'Idazketa tailerra' eta 'Ilustrazio tailerra' egingo dira.
Udan, garagarrilean, 'Udako liburutegia' ekimena martxan jarteko asmoa daukie antolatzaileek baina oraindino zehaztu barik dagoz ekimenaren nondik-norakoak.
Udal liburutegiak 2008rako antolaturiko ekintzetan plazak mugatuak izango dira. Horregaitik, 94 627 02 01 telefono zenbakira deitu eta izena emotea eskatzen dabe antolatzaileek. Partehartzaileek Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak argitaratutako 'Familian irakurzaletasuna bultzatzeko' gidearen ale bana eskuratuko dabe.
'Arantzazu eta Baketik'
Bestalde, Kultur Etxeak eta Bake-Leku txokoak antolatuta, bihar, martitzena, apirilak 1, 'Arantzazu eta Baketik' izeneko berbaldia eskainiko da Elai Alai aretoan, iluntzeko 20:00etan. Arantzazuko Iñaki Beristain frantsiskotarrak eta Baketik zentroko Jonan Fernández zuzendariak egingo dabe berba Arantzazuko Santutegiaren eta 'Baketik' zentroaren ganean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!