Durangoko bonbardaketea gogoan hartuko dabe jazoerearen 71. urteurrenean

Bizkaie! 2008-03-18 11:13

Udalak eta Gerediaga Elkarteak hainbat ekimen antolatu ditue martiaren 31ren harian. Toti Martinez de Lezea idazleak, berbarako, bonbardaketearen ganeko argitaratu bako idazkia irakurriko dau.

Durangoko Udalak eta Gerediaga Elkarteak ekimen ugari antolatu ditue martiaren 31rako, uribilduaren bonbardaketearen 71. urteurrena beteten dan egunerako.

1937an Italiako Armada faxistearen hegazkinek jaurtitako bonbek 370 lagun inguru hil zituen eta ehunka zauritu. Europan zibilen kontra planifikautako lehenengo bonbardaketea izan zan Durangokoa.

Efemeride tragikoa gogoan hartzeko, Udalak, Gerediagak eta herriko beste hainbat alkartek eta taldek ekitaldia antolatu dabe hilerrian. Bertan, Toti Martinez de Lezea idazleak berenberegi preparautako eta aurretik argitaratubako idazkia irakurriko dau, Durangoko alkate Juan Jose Ziarrustak esandakoaren arabera.

Goizean egingo dan ekimen horretan, Udalak bonben ondorioz hil ziran eta orain dala gitxi jakitera emon diran beste hiru lagunen izenak publiko egingo ditu. Izenok bonbardaketan eta ondoren jazo ziran fusilamentuetan hildako 400 bat lagunen izenak batzen dituan oroigarrian idatzi ditue.

Arratsaldean Gerediaga eta Berbaro kultur alkarteek eta Kriskitin jantza taldeak ekitaldia egingo dabe Andra Mari eleizaren arkupean. Lore eskaintzea izango da ondoren, orain dala 71 urte hildakoen omenez eta biktima guztien izenak irakurriko ditue. Horren ostean, Martxoak 31 rock taldeak kontzertua emongo dau.

Era berean, egitarauari jarraipena emateko, Iñaki Goiogana Sabino Arana Fundazinoko teknikariak 'Eliza eta Gerra Zibila Euskal Herrian' izenburupeko berbaldia emongo dau martiaren 27an Landako Elkartegian. Hurrengo egunean, 1987an egindako dokumentala izango da ikusgai leku berean, Jon Irazabal Gerediaga Alkarteko ordezkariak jakinarazo dauen legez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu