1508 – 2008, Gerediagako batzartokiaren baieztapenaren 500. urteurrena

Bizkaie! 2008-01-30 14:10

Lehenagotik be toki honetan batzartzen ziran, ezagutzen dogun lehen aitamena 1387koa da, baina, hau dogu Jaun/Andere baten lehen baieztapena.

2008ko zezeilaren 1ean 500 urte beteko dira Juana Lehena, Bizkaiko Andreak agindu ebala ‘antxinako ohiturea jarraituz’ Durango Merinaldeko 12 eleizateak batzen zituan Durangaldeko Batzar Nagusiak Gerediagako tontorrean ospatzea. Badakigu lehenagotik be toki honetan batzartzen zirala, ezagutzen dogun lehen aitamena 1387koa da, baina, hau dogu Jaun/Andere baten lehen baieztapena.

Bosgarren mendeurrena dala eta 2008. urtean, zenbait ekitaldi antolatzeko asmoa dago, eta euren artean aitatutako datan, zezeilak 1, oroimen ekitaldi bat izango da Gerediagako Foru Gunean (Abadiño), eguerdiko 12:00etan hasita. Ekitaldia Bizkaiko Batzar Nagusiak eta Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoagaz alkarlanean antolatuko dau Gerediaga Elkarteak.


Egitaraua

12:00etan, agintari eta gonbidatuen harrera Gerediagan. 12:20etan, oroimen ekitaldia baseleizan. Ekitaldian ondokoek parte hartuko dabe: Ana Madariaga Ugarte andreak, Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak, Maria Angeles Larrauri Lasuen andreak, Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Lehendakariak, Jose Luis Navarro Donaire Abadiño Eleizateko Alkateak eta Nerea Mujika Ulazia andreak, Durangaldeko Adiskideen Gerediaga Elkarteko lehendakariak.

Gregorio Monreal Zia jaunak Gerediagako Foru Guneari buruzko berbaldi laburra eskainiko dau.

13:20an, Ermitako eleizpean dagoan oroimen plakan lore eskaintza eta jarraian soka dantza Foru Zelaian.

Era berean, mendeurren hau dala eta ‘Gerediagagana’ izenburuagaz Jon Irazabalek idatzitako liburuxka bat bere argitaratu da. Danetara, 32 orritan zehar gune honen historia eta esanahia ezagutzera emoten dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu